Usadio zaharra dugu urte berri egunez, parrandazaleak etxeratzen hasten diren unean, jaiki berri diren beste hainbat herritar mendirako bidean joaten ikustea. Aurten ere bai. Irudiko herritar taldeak, Andatzan hasi du urte berria. Giro hotza bai, baina egun eguzkitsua izan genuen urtarrileko lehena, argazkian ikus daitekeen moduan.
Irisasi BTT 2015 "Hotzak akabatzen"
Atzo oinez osatu zuen herritar talde batek, Andatzako bidea. Bizikleta gainean inguratuko dute mendia beste hainbat lagunek, datorren urtarrilaren 25ean ospatuko den Irisasi BTT 2015 "Hotzak akabatzen" probaren baitan. Kirol ekimenerako izen ematea laster irekiko dute andatzamendizale.info atarian. Iaz bezala, bi ibilbide egongo dira aukeran; bat motza, 30 kilometro ingurukoa, bestea luzea 40 bat kilometrotakoa. Proba goizeko 9:30etan hasiko da. Frontoia izango du abiapuntua eta helmuga.
2015eko irteeretarako, aseguratzea ezinbestekoa
2015. urtetik aurrera, Gipuzkoako beste elkarte asko bezala, Andatza ere mendizale federatuen taldea izango da. Orain arte, bilgunetik antolatzen zituzten irteeretan, federatu nahiz federatu gabeak joan zitezkeen. Aurrerantzean aldiz, diogun moduan, mendiko asegurua izatea ezinbestekoa izango da txangoetan parte hartzeko.
Orain arte ez da ezbehar larririk gertatu, eta eskerrak, baina etorkizunean halakorik jazotzen bada ere, mendizaleak eta taldea bera babestuak egotea bultzatu nahi dute modu honetan, bai Andatzatik, baita Gipuzkoako mendi taldeen federaziotik ere. Federaziotik jasotako deialdiari kasu eginez ari da hain zuzen Andatza M.K.T., mendizale guztiak federatzera aholkatzen.
“Orain arte irteeretan federatu eta federatu gabekoak onartzen genituen. Federatu gabe zirenei mendi aseguru berezi bat egiten zitzaien. Federaziotik taldeoi deitu ziguten ohartaraziz, istripu handi bat egonez gero, ardura handia dagoela. Gu musutruk aritzen garela ikusirik, ardura handiak dira horiek. Horregatik uste dugu mendizaleak federatzea sustatu behar dugula”, diote Andatza taldetik.
Mendizaleak federatzea bultzatu nahi dute beraz. Urte berri honetatik aurrera antolatuko dituzten irteeretan, mendi istripuetarako asegurua izatea ezinbestekoa izango da. Bai mendizale bakoitza, baita antolatzaileak ere edozein ezbeharren aurrean babestuak egon daitezen. “Mendira joatean istripuak izateko arriskua beti hor dago. Beti pentsatzen dugu guri ez zaigula gertatuko. Min hartzean, orduan jabetzen zara mendi asegurua behar dela. Antolatzen ditugun irteeratara datorren jendea ere aseguratua egotea nahi dugu, istripua ere gertatuko balitz, babestuak egoteko. Eta ez bakarrik gurekin ibiltzeko. Azkenean mendian beti dago min hartzeko arriskua. Ez bakarrik Pirinioetan, Andatzan bertan ere gertatu liteke erreskateren baten beharra izatea. Mendian ibiltzeko ohitura duen ororentzako da gomendagarria mendi asegurua”, gogorarazten dute Andatzatik.
Aseguru modalitateak
Haur, gazte, heldu nahiz 65 urtetik gorakoek eskura dezakete federatu txartela. Denentzako derrigorrezkoak diren oinarrizko estaldura du mendi aseguruak. Eta hortik aurrera, aukeran ditu aseguru gehigarriok; Pirinioak, mundu mailako irteerak, espedizioak, eskia, snowa, BTT...
Federatua izatearen abantailak
-Urte osorako mendi istripuetarako asegurua. Aseguruaren barne, erreskateari loturiko gastuak. Tartean, errehabilitazio eta errekuperazioa zentro kontzertatuetan.
-Gipuzkoako Goi Mendi Eskolak eta beste eskolek antolaturiko ikastaroetan parte hartzeko lehentasunezko tarifak.
-Deskontuak eta prezio bereziak, mendiko babesleku, aterpetxeetan. Baita mendiko materiala saltzen duten hainbat saltokietan.
-Eskalada, mendiko eskia eta mendiko lasterketetan parte hartu eta egutegi ofizialean lehiatuko diren taldeetan aritzeko hautatuak izateko aukera.
-Federazioaren laguntza teknikoa mendi ibilaldietan eta ingurumenean.
-Euskal Mendizale Federazioak argitaratzen duen Pyrenaica aldizkaria doan jasotzeko aukera.
Mendi aseguruaren tramitazioa eta argibideak
Azaroa amaieran ospatu zen Mendi Astean, 2015erako Federatu txartela tramitatzeko aukera egon zen. Txartelik gabe zaudetenok adi ohar hauei. Tramitazio orria andatzamendizale.info web orrialdean eskura dezakezue, “Federatzeko 2015” atalean. Datu pertsonalak bete eta ordainketa egin orrian bertan agertzen den kontu zenbakian. Izen emate orria modu honetan helarazi dezakezue Andatzakoengana:
-Ostegunetan 19:00-19:30 artean, Andatza M.K.T.ren udaletxe ondoko lokalean (DYAren egoitza ohian). Kontzejuzarra 3. Edo bertan dagoen postontzian utzi.
-E-posta: andatza@hotmail.com
Argibide gehiagorako:
-Web orria: andatzamendizale.info (“Federatzeko 2015” atalean).
-Mendi Federazioko web orria: gmf-fgm.org
Andatzakoek ordainketa egina dagoela egiaztatu eta datu pertsonalen orria jasota, Federaziora eramango dute. Une horretatik bertatik, aseguratua egongo da tramitazioa egin duen mendizalea. Federatu txartela aste batzuetara jasoko du. “Animatu mendian ibiltzen den jendeari federatzera”, luzatzen dute gonbita Andatzatik.
Irudia: Andatza MKT.