Lokal hutsak itxura berritzen, "Usurbil Zabalik" izateko

Noaua Aldizkaria 2015ko urt. 2a, 09:45


Irudiko lokaleko atariaren itxura deigarria ezta? Gutxi barru, tankera beretsuko atari gehiago topatuko dituzue herri erdigunean, Usurbilgo Udalak martxan jarritako "Usurbil Zabalik" egitasmoari esker. Itxita dauden lokal komertzialetako erakusleiho eta fatxadak apaintzeko diru-laguntza deialdia egin zuen Udalak udazkenean. Merkataritza irudia hobetu, jarduera berriak zabaltzeko aukera eskaini, herri merkataritza sustatu nahi zen proiektu honen bidez. Udal diru-laguntza deialdi hau, itxita egon eta epe motzean itxita jarraituko duten lokal komertzialetako jabeei zuzendua zegoen. 

Deialdi honetara aurkeztu eta apaintzeko aukeratuak izan diren lokaletako bat duzue argazkikoa. Esandakoa ordea, ez da bakarra. Itxuraz edertuta ageriko zaizkigu laster, beste hainbat lokal hutsetako atariak. Apaintze gastuak, Udalak Eusko Jaurlaritzatik jasotako diru-laguntza batekin ordainduko dira.