Ondoko irudian duzue Fernando Osa, bi egunez ondoezik eta salbamenduaren zain egon ostean, urte berri egunez Andeetan zendu zen donostiarra. Asteburuan egin dioten autopsiaren arabera, ziurrenik garaierak eragindako biriketako edema baten ondorioz hil zen. Bere gorpua aste honetan sorterrira helduko dela espero da.
Egunotan hedabideetan albiste nagusien artean kokatu da, Fernando Osaren heriotza. Donostiarrak Usurbil eta usurbildar mendizaleekin lotura estua zuen. Ondoko argazkia horren lekuko. Urtero, bada herrian, apirila aldera Usurbildik Arantzazurako bidea oinez egiten duen mendizale talde bat. Usurbildarrak tartean, baina baita inguruko Gipuzkoako beste zenbait herrietako kideak ere. 30 urte baino gehiago daramatzate, jada usadioan bihurtu duten irteera egiten. 2012an egin zuten txangoko irudia duzue ondokoa. Fernando Osa zegoen, Arantzazura bidean abiaturiko mendizaleen artean.