Euskaldunon erabakitze eskubidea ehuntzen segi nahi du Gure Esku Dago mugimenduak, hasi berri dugun 2015. urte honetan. Erronka nazional baterako hitzordua ere jarria dute; ekainaren 20an izango da. Deialdi honi eta urtean zehar garatu nahi dituzten ekimenen inguruko zehaztasunak, urtarrilaren 16an emango ditu Usurbilgo lan taldeak, iluntzeko 19:00etatik aurrera Sutegiko auditorioan antolatu duen ekitaldian.
Bertan, "Jostunak" dokumentala proiektatuko dute. "Jostunak: herritarren borondateak jositako istorio bat" dokumentalak Gure Esku Dago ekimenaren sorrera eta garapena ditu ardatz, ekainaren 8ko giza katea barne, eta Euskal Herriko kolore desberdinetako pertsona esanguratsuen bitartez erabakitzeko eskubidearen inguruko korapilo nagusien inguruko hausnarketa dakar. Dokumentalaren zuzendaria Eriz Zapirain da, Jon Maiarekin batera Nazioen Mundua ekimenaren berri jaso zuen "Gazta Zati Bat" lanaren gidari izan zena".
"Jostunak" dokumentalaz gain, iragan ekainaren 8ko erabakitze eskubidearen aldeko giza-kate historiko hartako Usurbilgo irudien laburpena ikusteko aukera egongo da. "Urtea hasi besterik ez da egin eta lan asko dugu egiteko; lehenengo zita urtarrilaren 16an Sutegin, bertan ikusiko dugu elkar! Herri bat gara. Erabakitzeko eskubidea dugu. Herritarron garaia da", Usurbilgo Gure Esku Dago taldekoen esanetan.