Aurkeztu dute Donostia 2016ren egoitzan, Korrika Kulturala, martxoaren 22an Zubieta, Usurbil eta Aginagatik igaroko den 19. Korrika girotuko duen ekimena, "euskal kultura bultzatu eta euskara jendaurrearen esparru guztietara eramateko asmoz". Berrikuntzekin; teknologia berrien garaian bizita, 19. Korrikak bere app propioa izango du laster. Bertan kontsultatu ahalko da Korrika Kulturalaren agenda, 19. Korrikaren ibilbidea, argazkiak, lekuko eramaileak nortzuk izango diren... Laster izango dugu eskuragarri, Google Play eta App Storen deskargatzeko moduan.
Korrikaren app berri horren zain, hainbat ikuskizun programatuko dituzte Euskal Herri luze eta zabalean; "Fausto" antzezlana, "Gosariak", "Hor dago ardoa!", Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizun berriena, Bertso Korrika eta Bertsolaritzaren sekretuak. Hiru lehiaketa ere antolatu dituzte Korrika Kulturalaren baitan. Martxoaren 9ra arte parte hartu ahalko duzue ekimenotan:
Abesti bertsioa
-Oinarriak: Korrika 19ren abestia (albiste honi atxikitako bideoan duzue entzungai) ahalik eta gehien zabaltzeko asmoz, musika-talde desberdinen arteko bideo-lehiaketa. Talde bakoitzak Korrika 19ko abestiaren bertsioa prestatu beharko du, letra bere horretan mantenduz eta musika bere estilora egokituz.
-Saria: Asteburu pasa talde irabazlearentzat.
Bideo-kopla lehiaketa
-Oinarriak: Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eta Korrikak elkarlanean antolaturiko txapelketak helburu bikoitza du: euskara ikasten edota praktikatzen dabiltzanak bertsolaritzaren mundura hurbiltzea eta bertsolaritzak euskara praktikatzeko eskaintzen dituen aukerak erakustea.
-Parte hartzaileak: euskaltegietako taldeak zein praktika egitasmoetako taldeak, erakunde guztietakoei zabalik.
-Gaia: Helduen euskalduntzea.
-Kopurua eta euskarria: 6 koplaz osatutako bertsoaldi bat idatzi, bideoz grabatu eta bidali.
-Saria: Afaria edo bazkaria sagardotegi batean, bi bertsolarirekin. Parte hartu duten gainerako taldeek ere aukera izango dute sagardotegian lekua eskatzeko (nork berea ordainduta).
Bideo lehiaketa
-Oinarriak: EUSKALKIEN inguruko bideo-lehiaketa. Parte-hartzaile bakoitzak, norbanako zein taldeak, bere euskalkiaren inguruko bideoa prestatu beharko du. Bideo honetan tokiko euskalkiaren inguruan nahi duen informazioa zabaldu beharko du: egungo egoera, erabilera-maila, hizkuntz berezitasunak, hitz bereziak, azken hiztunak… Euskalki bakoitzaren egoera horren desberdina izanik, gure herrian dagoen hizkuntz aniztasuna agerian jarri nahi da.
-Bideo-sorkuntzarako baldintzak: 3 minututik beherako iraupeneko bideoa izatea eta «Euskahaldun!» Korrika 19ren leloa behin gutxienez erabiltzea.
-Arau teknikoak: bideoaren formatua MP4 edo AVI (bidaltzeko orduan, ZIP euskarrian, hau da, konprimituta bidaliko da ), gehienezko tamaina 10 Gigakoa izango da, eta mezuaren goiburua ”Korrika 19 bideo lehiaketa” izango da.
-Saria: Mac gailu bat.
Lehiaketetako lanak bidaltzeko epea: martxoaren 9a baino lehen, korrika.aek@gmail.com helbidera.
Lanen inguruko erabakia martxoaren 15ean hartuko da.
Informazio gehiago: korrika.eus