Usurbil, Euskal Herriko Klub Arteko Txapelketako finalean

Noaua Aldizkaria 2015ko urt. 9a, 11:32


Berako Bortziriak taldekoen aurka nagusitasun osoz irabazi ostean, Usurbil Euskal Herriko Klub Arteko Txapelketa Nazionaleko finalean da jada. Estreinakoz, Euskal Herriko zortzi pilota elkarte lehian jarri dituen ekimena irabaztetik oso gertu ditugu etxeko pilotariak. Final handia, Galdakaoko Adiskide taldekoen aurka jokatuko dute usurbildarrek, urtarrilaren 18an, arratsaldeko 17:00etan, txapelketa osoa ospatu den Amezketako Larrunarri frontoian. 

Larrunarri frontoian jokatu zituen bart Usurbilek, txapelketako finalaurrekoari loturiko azken bi neurketak. Lehenengoa aurreko igandean jokatu baitzuen, beste bi partidak ere egun berean jokatzea aurreikusia zegoen, baina frontoian agertu zen hezetasunagatik bertan behera utzi zituzten atzora arte. Adierazi bezala, bart jokatu zituzten finalaurreko azken neurketak, Berako Bortziriak taldekoen aurka. Honatx finalaurreko saioen emaitzak:
-Lau t´erdian: Errandonea (Bortziriak) 18-10 Quina (Usurbil)
-Eskuz banaka: Olaizola (Bortziriak) 4-18 Santxo (Usurbil)
-Eskuz binaka: Mitxelena-Martinez (Bortziriak) 9-22 Gorrotxategi-Elola (Usurbil)

Txapelketako lehiakideak
Zaramaga (Gasteiz), Adiskide (Galdakao), Iparralde, Huarte, Bortziriak (Bera), Zazpi-Iturri (Amezketa), Aurrera-Saiaz (Tolosa) eta Usurbil. 

Usurbilgo taldea
Xabier Santxo, Xabier Urbieta, Ander Quina. Aitor Gorrotxategi, Asier Arruti, Iñigo Altuna, Mikel Elola, Xabier Errasti, Haritz Lertxundi eta Asier Katalina.

Neurketen jokalekua
Amezketako Larrunarri pilotalekua.

Neurketen egutegia
Urtarrilak 18, igandea: 17:00 finala.