Usurbildar mordoa larunbatean, Bilboko mobilizazio masibora

Noaua Aldizkaria 2015ko urt. 9a, 12:17

"Euskal Herrira orain" aldarripean larunbat honetan, urtarrilaren 10ean 17:30etan Bilbon Sare mugimenduak deitu duen mobilizaziora joateko autobus zerbitzu bikoitza antolatu dute Usurbildik; lehenengo zerbitzua 10:00etan izango da, eta bigarrena arratsaldez, 15:30etan. Oiardo Kiroldegitik abiatuko dira bus zerbitzuok. Izen emateko zerrendak, Aitzaga Elkartean eta tabernan, Txiribogan, Bordatxon eta Zendoian jarri dituzte. 

Sare mugimenduak Bilbon deituriko mobilizazioa eguberri aurretik aurkeztu zuten. Albiste honi atxikitako bideoan, mobilizazioaren aurkezpen agerraldia duzue. "Dispertsioarekin bukatzea beharrezkoa da, posiblea da. Orain, maintenant, ahora, now! Sinets dezagun gure indarrean, sinets dezagun guztion ekarpena, txikia ala handia izan, ezinbestekoa dela sufrimendua ezabatzeko eta konfrontazioarekin amaitze bidean oinarri sendoak ezartzeko eta esperantzari, baita konponbideari ere beste leiho bat irekitzeko. Batu ditzagun arrazoiak, bihotzak eta eskuak mezu argi hau lau hauzeetara zabaltzeko: Now, Euskal Herrira!", diote Sarean mugimendutik.

Bi abiapuntu
Mobilizazio masiboa izango da beste behin, larunbat honetakoa. Euskal presoen senideek Bilboko Casillatik eta udaletxetik hasiko dute ibilbidea, larunbat arratsaldeko 17:30etan. Zabalburu plaza aldera abiatuko dira bi zutabeak. Zabalburu plazan, "Argi dugu! Now! Euskal Herrira!” ozen azalaraziko dugu; aurretik guztiok, pertsona bakoitzak (denak), 2 argi-izpi izango ditugu eta ekitaldiko bozgoragailuetatik entzungo den unean erakustaraziko ditugu".

Argi-izpiok autobus, metro irteera eta ibilbidean zehar banatuko dituzte antolatzaileek. Pertsona bakoitzak 2 argi-izpi izango ditu, "eta bozgoragailuetatik une oro, eta ibilbide osoan zehar, instrukzioak entzungo ditugu. Argi kolektiboari indarra emanez, garrasirik ozenena baino eraginkorragoa izango den ahotsa altxaraziko dugu".

Argi-izpiena irudikatzeko ilustrazio hauek zintzilikatu ditu Sare mugimenduak. Informazio gehiago: nowbilbora.org edo sare.eus