Astelehen honetan, urtarrilaren 12an, 18:00-20:30 artean anbulatorioan, odola emateko 2015eko lehen hitzordua. 2014an 9 lagun hurbildu dira lehen aldiz odola ematera. Guztira iaz, 353 odol emaile zenbatu zituzten Usurbilen. Lerroon bidez, Odol Emaileen Elkartetik eskerrak helarazi nahi dizkiete odola ematera gerturaturikoei. 40 urte bete dituen bilgunetik, 2015ean ere gutako edonork bizitzako edozein unetan beharrezkoa suerta dakiguken odola ematera animatzen gaituzte. Gonbita bereziki, geroz eta gehiago hurbiltzen ari diren gazteei.
Zein da odol emailearen profila Usurbilen?
Usurbilgo Odol Emaileen Elkartea: 18 urtetik gorakoa. Denetarik dago; gizon zein emakumeak, gazte eta helduak... Ezin gara kexatu. Iaz 9 odol emaile berri izan genituen. Guztira, 353.
Erreleboa bada beraz?
Azken aldian jende gazte asko ari da animatzen. Gazteak oro har elkarren artean animatzen dira, batak bestea animatzen du. Etortzen direnen lagunak ere hasi izan dira odola ematen. Hori behar dugu, gazteak behar ditugu. Jende gaztea animatu dadila, odol emaile asko jubilatzen ari baita. Orain odol emaile berriak behar ditugu.
Lehen aldiz odola ematera doanak zer egin behar du?
Sendagilearengana joan, tentsioa hartu, eta gero bere galderak egiaz erantzun. Medikuak eman behar du, odola emateko baimena. Emaile berriaren odola ondo aztertzen dute. Orain gaixotasun berriak agertzen ari direnez, oso analisi zorrotza egin behar dela diote. Kontrol handia dago. Kontuan izan, kanpora bazoaz, edo ebakuntza bat izanez gero, hilabete batzuk itxaron behar dira odola eman arte. Azterketaren emaitzak gero, gutun bidez jasotzen ditu odol emaile berriak. Hurrengo odol ematea noiz egokitzen den jakinarazteko ere gutunak bidaltzen dituzte etxera.
Kontzientziatuak gaude odola emateko beharraz?
Bai. Informazio gehiago dago. Serioago hartzen duzu askotan, gertuko norbaiti, familiakoren bat beste norbaiten odolaren beharrean dagoela ikustean. Odolaren beharra geroz eta handiagoa da. Aurreko batean entzun genuen, nola esaten zuen gaixo dagoen batek, odol poltsa sartzean sekulako indarra eta jateko gogoa ematen ziola. Odol berriak indar handia du.
Odol emaileak behar dira, baina baita hau dena antolatuko duen talde bat ere. Zein da zuen egitekoa?
Odol emate egunerako ogitartekoak prestatu, mahaiak jarri, odol emate amaieran hurrengo egunerako anbulatorioa txukundu... Tortilla ogitartekoak prestatzen ditugu, ardo pixka bat, coca-cola edo ura eskaintzen dugu. Odola ematen duenak, mahaira etorri eta jan edana izaten du.
Laguntza nahikoa duzue?
Udalak laguntza ematen digu. Gustura gabiltza. Bada laguntzeko borondatea. Zerbait egin behar da besteentzat. Odola ematen ez duenak, antolaketan lagundu dezake edota odola ematera gerturatzen direnekin hitz egin. Odol emaileak oso esker onekoak dira. Giro ona egoten da eta jendea ezagutzeko aukera ematen du.
Egutegia
Datorren odol emate eguna: urtarrilaren 12a, astelehena.
Ordutegia: 18:00-20:30.
Tokia: anbulatorioa.
Urtean zehar: bi hilean behin, lehen astelehenetan.
Informazio gehiago: gotatanta.com
Antolatzailea: Usurbilgo Odol Emaileen Elkartea.
Odola emateko baldintza nagusiak
-18-70 urte artean izatea.
-50 kg baino gehiago pisatzea.
-Osasuntsu egotea.
-Gure odolaren bitartez besteei kutsa diezaiekegun gaixotasunen bat harrapatzea eragingo ligukeen inolako arrisku-jarduerarik egin ez izana.
-Zalantzak argitzeko: gotatanta.com edo gerturatu anbulatoriora, odol emate egunean.
-Odol emanaldien maiztasuna: urtean 3 aldiz.