Bertan behera geratu da, Marisa Alejandro eta beste 34 lagunen aurkako epaiketa

Noaua Aldizkaria 2015ko urt. 12a, 11:18


Astelehen honetan Madrilgo Espainiako Auzitegi Nazionalean hastekoa zen Ezker Abertzaleko 35 lagunen (tartean, Marisa Alejandro usurbildarraren) aurkako epaiketa bertan behera utzi berri dute, Guardia Zibilak 16 lagun, horien artean, auziperatuen defentsako hiru abokatu (Amaia Izko, Haizea Ziluaga eta Eukene Jauregi) atxilotu ostean. Auziperatuen defentsak polizia operazioa gertatu eta berehala eskatu du epaiketa bertan behera uztea. Naiz.eus atariaren arabera, auziperatuak epaiketa aretoan sartu eta epaiketaren hasiera bertan behera uztea eskatu dute baita. Auziperatuei banaka, abokatuz aldatu nahi ote zuten galdetu zaie, auziperatuek ezetz, orain arteko abokatuak mantendu nahi zituztela. Ondorioz, auzitegiak epaiketa bertan behera uztea erabaki du. Ez dute zehaztu epaiketa noiz hasiko den. 

Abokatuen aurkako polizia operazioa
16 lagun atxilotu ditu Guardia Zibilak, goizaldeko 7:00ak aldera; 12 abokatu eta beste lau lagun. ETAri babesa ematea eta delitu fiskalak egozten dizkiete. Abokatuen artean, hedabideen arabera, Amaia Izko, Eukene Jauregi eta Haizea Ziluaga, Madrilen bertan. Hiru abokatuok, gaurtik Auzitegi Nazionalean deklaratu behar zuten Ezker Abertzaleko 35 kideren defentsa lanak egin behar zituzten. 

Guztira esan bezala, 16 lagun atxilotu dituzte. Abokatuak gehienak: Amaia Izko, Kepa Manzisidor, Onintza Ostolaza, Aiert Larrarte, Nagore San Martin, Haizea Ziluaga, Arantxa Aparicio, Ainhoa Baglietto, Alfonso Zenon, Atxarte Salvador, Jaione Karrera, Kepa Manzisidor, Fran Balda, Javier Carbadillo, Jon Mintegiaga Minde eta Ane Ituño. Iñaki Goiaga ere auzipetu dute, baina Amaiurko senataria aforatua izanik, ez dute antzeman.

7 urteren ostean epaitua
Baltasar Garzon epailearen aginduz, 2007ko urriaren 4an Seguran Ezker Abertzalearen aurka izandako polizia operazioaren haritik dator astelehen honetan Madrilen hastekoa den epaiketa. 35 lagun epaituko dituzte Espainiko Auzitegi Nazionalean. Tartean, Marisa Alejandro usurbildarra. 

Epaiketa, Seguran 2007ko urriaren 4an izandako polizia operazioaren haritik dator. Ezker Abertzaleko 23 lagun atxilotu zituen polizia espainiarrak duela 7 urte, tartean, Marisa Alejandro usurbildarra. Batasunaren mahai nazionala berriro osatu izana leporatu zitzaien. 23 lagunon etxeak eta EHAK alderdiaren egoitza miatu zituzten.

Marisa, Espainiako Poliziak Donostian duen egoitzan izan zuten lehen gauean. Biharamunean, EHAK-k Belartzan zuen bulegoko miaketara eraman zuten. Gero Usurbila ekarri zuten, bere etxea miatzeko. Egun haietan, atxiloketok salatzeko mobilizazio ugari burutu ziren bai Usurbilen, baita Euskal Herri mailan ere; tartean, jarraipen zabala izan zuen ordubeteko lan uztea egin zen.

Egun haietan Soto del Realen espetxeratu zuten Marisa. Ia 3 urte izan zuten preso, 2010eko apirilaren 15ean, bera eta polizia operazio berean atxiloturiko beste 9 lagun bermepean aske utzi zituzten arte. Aske geratu eta ia 5 urtera epaituko dute Marisa, beste 34 lagunekin batera.