Eragile politiko, sozial eta sindikalek, euskal abokatuen aurkako polizia operazioa salatzeko manifestazioa deitu berri dute larunbat honetan, urtarrilaren 17an, Donostian. Mobilizazioa, arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Antiguako tuneletik, "Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea" aldarripean. Deitzaileen artean dira, Sortu, EA, Aralar, Alternatiba, EB, ELA, LAB, EHNE, ESK, STEE-EILAS, Hiru, CNT, CGT-LKN Euskal Herria, 04/08 Epaiketaren Kideak, abokatuak, AHT Gelditu, Bilgune feminista, Egiari Zor, EHE, Eraiki Aralar, Ernai, Esait, Etxerat, Ezker Gogoa, Gazte Abertzaleak, GITE-IPES, Goldatu, Ikasle Abertzaleak, Lokarri...
Artean, hedabideen arabera, lehen atxilotuak arratsaldeko 17:00etatik aurrera hasiko dira deklaratzen. Tartean, Ezker Abertzaleko 35 kideren aurka atzo hasi behar zuen baina bertan behera geratu zen epaiketan defentsa lanak egin behar zituzten hiru abokatuak.
Usurbildik ere atxilotuak askatzeko eskaera
Atzo goizean izandako 16 atxiloketak salatu dituzte usurbildarrek bart, Sortuk urgentziaz iluntzerako Mikel Laboa plazan deitu zuen elkarretaratzean. Bertaraturiko herritarrek, aski dela aldarrikatu zuten, errepresioa eten beharra dagoela. Atxiloturiko 16 euskal herritarrak aske uztea eskatu zuten, eskutan "Je suis basque. #Atxilotuaklibre #AtxilotuakAskatu" zioten txartelak zituztela. Elkarretaratzean parte hartu zuten herritarren artean zegoen, Madriletik itzuli berria den Marisa Alejandro. Astelehen honetan Espainiako Auzitegi Nazionalean hastekoa zen epaiketara joana zen usurbildarra. Baina dakizuenez, bertan behera geratu da Alejandroren eta Ezker Abertzaleko beste 34 kideren aurkako epaiketaren hasiera, azken polizia operazioan atxiloturiko abokatuetako hiru hain zuzen, defentsa lanak egitekoak baitziren aipatu epaiketan. Horren harira epaiketa bertan behera geratzea eskatu du defentsak eta hala geratu da. Epaiketa hasteko datak zehazteke segitzen du.
Mobilizazio gehiago egunotan
Iluntzeko elkarretaratzean hain zuzen, azken polizia operazioarekin astelehen honetan Madrilen hastekoa zen Ezker Abertzaleko 35 kideren aurkako epaiketako auziperatuak babes juridikorik gabe utzi dituztela azpimarratu zen. Noiz eta, euskal presoen sakabanaketaren aurka Bilbon buruturiko manifestazio jendetsua ospatu eta bi egunera. "Ez da kasualitatea", zioten elkarretaratzeko deitzaileek. Erantzun bat baizik, berriro ere mendekua, helburu nagusi batekin; presoei sostengua kentzea.
Halere, egoera honetan "dagozkigun eskubideak aldarrikatu" eta indarrak biltzen segitzeko deialdia luzatu zuten. Hurrengo hitzordua, igande eguerdian, 12:30etan Mikel Laboa plazan. Marisa Alejandrori eta gainerako auziperatuei elkartasuna adierazteko agerraldia antolatu du herritar talde batek. Herritarrak bertaratzera deitzen dituzte. Lehenago, espetxe politika salatzeko eskualde mailako elkarretaratzea astearte honetan, 19:30etan Lasarteko Okendo plazan, Sortuk deituta. Astearte honetan hain zuzen, "Auzitegi Goren espainiarrak bilkura egingo du 56 euskal preso politikoren zigorraren luzapenaz erabakitzeko".