Usurbilgo EH Bildu: "Giza oinarrizko eskubideen kontrako eraso oso larria"

Noaua Aldizkaria 2015ko urt. 13a, 11:39


Eraso oso larritzat jo du Usurbilgo EH Bilduk, atzo goizean izandako polizia operazioa. "Estatu espainolak, berriro ere, bere izaera ez demokratikoa erakutsi du" dio, NOAUA!ra igorri duten idatzi honetan:

Astelehen honetan Guardia Zibilak 16 euskal herritar atxilotu ditu. Atxilotu gehienak abokatuak dira, euskal presoen abokatuak, hain zuzen ere.

Egun berean Madrilgo Entzutegian hastekoa zen epaiketan Marisa Alejandro herritarra ere auziperatuta dago. Epaiketa bertan behera utzi dute auzipetuetako 35 lagunetatik 19 abokaturik gabe geratu direlako polizia operazioaren ostean.

Giza oinarrizko eskubideen kontrako eraso oso larria izanda, adierazpen hau onartu du Usurbilgo EHBilduk:

1.- Atxiloketa hauek Euskal Herrian irekitako bake, demokrazia eta askatasunaren bide berriaren kontrako erasoa da. Estatuaren itxikeriak eta bortizkeriak euskal jendartearen bake eta normalizazio politikorako borondate argia zapuztu nahi dute.

2.- Abokatuek funtzio berezia eta ezinbestekoa dute pertsonen giza eta defentsa eskubideak babesteko; are gehiago eredu demokratiko batean. Kasu honetan presoen eskubideen defentsan aritzen diren abokatuak atxilotu ditu Guardia Zibilak. Presoei dagozkien giza eskubideen urraketen lekuko zuzenak dira eta abokatuen atxiloketa hauek defentsarako eskubidea ere urratu dute.

3.- Estatu espainolak, berriro ere, bere izaera ez demokratikoa erakutsi du. Urtarrilaren 10ean milaka euskal herritarron aldarrikapenari jaramonik ez eta oinarrizko eskubideak urratzearen aldeko apustua egin du.

Usurbilgo EH Bildu