Carlos Urquijo jaunaren helegitea heldu da Usurbilgo Udalera ere. Agiriak euskaraz bidaltzeagatik auzitara eramango du Udala, Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkariak. Ez bakarrik Usurbilgoa, Urquijok auzitara eramango baititu baita, Amezketa, Beizama, Elgeta, Gaintza, Oiartzun eta Oñatiko udalak ere. Berasategi eta Zeraingo udalek UEMA-n sartzeko hartutako erabakiei ere helegitea aurkeztu die espainiar gobernuko ordezkariak. Auzitara eraman nahi dituen udalen zerrenda handitzen doa. Aurretik, helegiteak jaso zituzten baita, duela hilabete, Aduna, Arama, Altzaga, Antzuola, Bergara eta Itsasondoko udalek.
UEMA-tik onartezintzat jo dute, euskaraz aritzeagatik epaitegietara jo behar izatea, kezkagarritzat "euskararen aurkako erasoaldi hau hartzen ari den tamaina” eta helegiteon ondorioz udalek duten egoera. “Une hauetan euskararen ofizialtasuna bera ari da zalantzan ipintzen. Helegiteon bitartez, esaten ari zaizkigu euskarak, erdara ere erabili ezean, ez duela balio ofizialik administrazio arteko harremanetarako. Eta kontua da, gaur egungo euskararen legea oinarri hartuta, ez daukagula epaitegiek arrazoia emango diguten ziurtasunik”, adierazi du Maren Belastegi UEMAko lehendakariak.
Bat eginda erantzuteko deia
UEMA-ko udalak euskararen erabileran aitzindari direla gogorarazi du. “Euskara sustatzeko hizkuntza politika eraginkorra egiten saiatzen gara UEMAtik. Eta horregatik, euskararen aurkako erasoaldi zabal honetan, ari da Urkijo UEMAren aurka ere”, Belastegiren esanetan. Egoera honen aurrean beharrezkotzat jo du bat eginda erantzutea. “Euskara sustatzeko lanean ari garen eragile guztiok, modu bateratuan erantzuteko unea iritsi da". Gaineratu duenez, helegiteak jaso dituzten udalei babesa adieraztetik haratago joan behar da. “Euskaldunon eskubideak bermatu eta euskaraz aritzea juridikoki babesteko moduak bilatu behar ditugu, ezinbestean. Baita horretarako, EAEko euskararen legea bera egokitu behar bada ere”, UEMAko lehendakariaren esanetan.