60tik gora lagunek eman dute izena jada, urtarrilaren 25ean ospatuko den mendi bizikleta martxarako. Gogoan izan, apuntatzeko epeak irekita segiko du hilaren 23ra arte, kirolprobak.com atarian. Izen emateko epea, urtarrilaren 23ra arte zabalik. Prezioak; 15 euro federatuek, 18 euro federatu gabekoek. Egunean bertan, 22 euro guztiek.
Iaz bezala, bi ibilbide egongo dira aukeran; bat motza, 30 kilometro ingurukoa, bestea luzea 40 bat kilometrotakoa. Aldaketak egon daitezke halere, antolatzaileek ohartarazi dutenez: "ibilbidea aldatu daiteke, eguraldiaren baldintza eta mendiaren egoeraren arabera". Proba goizeko 9:30etan hasiko da. Frontoia izango du abiapuntua eta helmuga.
Parte hartzaile guztientzat opariak izango dira helmugan: Craft markako kirolerako kamiseta eta Saizar botila bat sagardo. Honez gain, dozenaka opari zozketatuko dituzte parte hartzaileen artean. Honatx antolakuntzak eskainiko dituen zerbitzuak:
-Janaria eta edari beroa bidean.
-Hamaiketakoa helmugan.
-Asistentzia bidean.
-Dutxak Oiardo Kiroldegian.
-Bizikletak garbitzeko mangerak.
Informazio gehiago: andatzamendizale.info atarian.