Usurbilekin elkarlana sustatzeko asmoa adierazi du Astigarragak, txotx irekiera ekitaldian

Noaua Aldizkaria 2015ko urt. 14a, 14:56

"Txooootx!", datozen hilabeteotan sarritan entzungo dugun hitza. Abian da ofizialki, 2015eko sagardo denboraldia, eguerdian Astigarragan ospatu den irekiera ekitaldiarekin. Hitzorduan aditzera eman dutenez, 2014ko uztak 10 milioi litro sagardoko ekoizpena utzi digu. Iazkoaren antzeko kopurua. Baina sagar barietateen araberako uzta irregularra. "Eskualdeen artean ekoizpena oso desberdina izan da eta baita sagastian bertan ere, askotan frutarik gabeko barietateak ikusi baitira, eta ondoan, adar asko haustea ondorioztatu duten sagar ugariko barietateak. Egoera hau Gipuzkoa osoan eman da antzeko moduan", Astigarragatik berri eman dutenez.

Sagardo usaingarria, hori-berdexka kolorekoa, txinparta bikainekoa, sagardo orekatua, oso edan erraza eta arina dastatuko omen dugu denboraldi berri honetan. “Uda fresko eta hezeak sagarraren azukreen kontzentrazio egokia ahalbidetu du, zuku arinak eta freskagarriak lortuz”, txotx irekiera ekitaldian berri eman dutenez. 

Elkarlana, "produktu turistiko erakargarriagoa eskaintzeko"
Sagardo denboraldi berriko nondik norakoak aurkeztu dituzte eguerdian, Astigarragako kultur etxean. Besteak beste, Usurbili loturiko aipamenik ere egin da. Andoni Gartzia udalerriko alkateak, Astigarragan sagardoaren inguruan bultzatzen duten elkarlana, herritik kanpo zabaltzeko nahia adierazi du. Hernani eta Usurbilgo herriekin elkarlana sustatzearen aldeko apustua egin nahi du. "Uste dugu garaia dela inguruko herrietan elkarlanean hasteko. Aurten, bai Hernani eta Usurbilekin nahi dugu harreman bat, elkarlan bat egin. Herriok dugun aberastasuna partekatu, produktu turistiko erakargarriago bat eta hobeago bat eskaintzeko etorriko diren bisitari guztiei", Gartziaren esanetan. Bere adierazpenak, albiste honi atxikitako bideoan dituzue.