GHK-ko aurreko legegintzaldiko kudeatzaileek Zubietako errauste planta eraikitzeko maileguez gain, SWAP finantza produktuak kontratatu zituzten. Egungo kontsortzioko kideak horren aurka agertu eta auzitara eraman zituzten bankuak. Eta orain jakin berri denez, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK), Caixabank, Banesto eta Price Waterhouse entitateen aurka aurkeztutako kereila atzera bota du Donostiako auzitegi batek.
Auzitegietatik heldu den albistea ostegun honetan baloratuko dute GHK eta Foru Aldundiko ordezkariek, modu bateratuan egingo duten agerraldian. Halere, lehen adierazpenak plazaratu ditu jada, GHK-k. Epaiak esan nahi duena da, GHK-ren hitzetan, "Gipuzkoak SWAP kuotak ordaintzen jarraitu beharko duela, errauste planta egiteko eskatu ziren maileguak erabiltzen ari bailitzan, nahiz eta benetan kreditu horiek ez erabili. Errauste planta eraiki izan balitz ere, kuota hauek berdin-berdin ordaindu beharko lirateke; beraz, epai honek ez dakar aurretik aurreikusi gabeko ordainketarik".
Honez gain, epaiak "GHKren aurreko zuzendaritzaren kudeaketa txarra agerian uzten du, diru publikoarekin arinkeriaz eta arduragabe jokatu zutenak, gizarteak horrenbestetan baztertutako erraustegia inposatzeko. Gobernu aldaketa baten aurrean dena ondo lotua utzi nahi izan zuten, eta horretarako banketxeen diru gosearen menpe jarri ziren kredituak azkar eskuratzeko, gipuzkoarron kalterako ziren baldintza ekonomiko umiliagarriak onartuz".
250 milioi euroko aurrezpena
Auzitegiek hartutako erabakiaren ondorioz, GHK-tik diotenez, "Gipuzkoak SWAPak ordaintzen jarraitu beharko du, aurreko kudeatzaileek kontratatutako produktu espekulatiboak, baina hala ere dirutza aurreztuko du". 250 milioi euro guztira, dirutza, garai batean aurreikusia egon arren, eraikiko ez den errauste plantari esker. Edo beste modu batera esanda, 250 milioi euro gutxiago xahutuko ditu Gipuzkoak, erraustegiaren ordez eraikiko dituen azpiegiturekin. Errauste plantak 500 milioi euroko aurrekontua baitzuen. Eta eraiki izan balitz ekonomia hondamendia eragingo zuela dio GHK-k, "izan ere, hauei aurre egiteko udalerriek gaur egun ordaintzen duten tarifa bikoiztu edo hirukoiztu beharko bailitzateke, udalerri gehienentzat jasan ezina izango litzatekeena".
Eraikiko diren azpiegitura alternatiboek, errauste plantaren erdia, 250 milioi euroko gastua eragingo dute. "Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Hondakinen Kontsortzioak diseinatutako azpiegitura berriek, aldiz, erantzun integrala emango diete hondakinen tratamenduari eta zikloa modu iraunkorrean ixteko irtenbide ezin hobeak dira. Ingurumen aldetik iraunkorrak ez ezik, ekonomia aldetik ere jasangarriak dira, azpiegitura hauek, SWAPen galerak barne, errauste plantaren kostu erdia baitaukate, 250 milioi euroko kostua, hain zuzen ere, eta beraz, 250 milioi euroko aurrezpena", GHK-tik gogorarazi dutenez.
Gai honen inguruko balorazio sakonagoa, ostegun goiz honetan eskaintzekoa da Kontsortzioa, Foru Aldundiarekin batera eskainiko duen prentsaurrekoan.