Abisu horia haizeagatik, 18:00ak arte

Noaua Aldizkaria 2015ko urt. 15a, 10:47


Hegoaldeko haize zakarra dabilela jabetuko zineten honez gero. Haize bolada indartsuek, organikoa biltzeko ontzi marroi bat baino gehiago zintzilikagailuetatik askatu dute ostegun goiz honetan. Hain zuzen, abisu horia ezarri dute Euskalmet-etik, arratsaldeko 18:00ak arte. "Hego-mendebaldeko haize-boladek haizeguneetan 100 km/h-ko abiadura gaindituko dute" dio iragarpenak. Gauerako barealdia,

"Gaur azpimarragarriena hego-mendebaldeko haize zakarra izango da. Hasieran erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak izango ditugu zeruan, baina arratsaldeak aurrera egin ahala hodeitu eta euria hasiko du, dena den, bereziki gauean egingo du euria. Tenperaturak gradu pare bat gora egingo du, baina haizeak ezatsegina egingo du giroa. Hego-mendebaldeko haizea ipar-mendebaldera aldatuko da, eta indarra galduko du gauean. Haize aldaketak tenperaturaren jaitsiera egingo du, eta gauean elur-maila 1300 m ingurura jaitsiko da", Euskalmet agentziatik diotenez.

Ostiralerako ekaitz giroa eta elurra behe samarrean. "Ostiralean eguraldi ezegonkorra. Fronteak zaparrada mardulak utziko ditu goizaldean eta goizean goiz. Frontea pasa ondoren, goizean, ostarteak zabalduko dira, baina iluntzean ezegonkortasuna handia izango da, eta berriro ere zaparradak botako ditu; baliteke zaparradak trumoitsuak izatea eta txingorra egitea, bereziki kantauri isurialdean. Mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, nahikoa bizi. Tenperatura asko jaitsiko da. Elur-maila goizaldean 900-1000 m-tik 700-800 m-ra jaitsiko da, eta egunaren bigarren partean noizean behin 600 m-ra", hauxe ostiralerako iragarpena.