Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak sustaturiko hezkidetza programaren baitan, Zubietako Eskola Txikiko zuzendaritza eta guraso elkartearekin batera, “seme-alabak aniztasunean hezten” izeneko bi saioko guraso tailerra antolatu dute. Tailerra, urtarrilaren 28an eta otsailaren 4an, 17:00-19:00 artean Zubietako Kaxkape egoitzan. Clara Wolfram (goiko argazkian), udal hezkidetza programako arduradunak bideratuko du. Tailerra doakoa izango da, parte hartzeko ez da aurrez izena eman beharrik izango.
“Zer da neska izatea eta zer da mutil izatea? Haurtzaroan haurrek galdera honen erantzuna bilatzen dute, beraien izaera eraikitzeko orduan esanguratsua baita munduan nola ulertzen den mutila ala neska izatea. Familian erreferenteak anitzak badira ere, haurrei zuzendutako produktuak oraindik oso estereotipatuak dira (jostailuak, ipuinak eta ikusentzunezkoak). Horietan, zer espero da nesketaz, eta zer mutiletaz?
Honen inguruan gogoeta egiteko eta baliabideak garatzeko tailerra da hau”, antolatzaileek berri eman dutenez.
Gurasoentzako hitzaldia Zubietan
“Haurren beldurrak nola kudeatu” izeneko hitzaldia, Zubietako Guraso Elkarteak antolatuta, urtarrilaren 22an, 14:30etan frontoi atzealdeko Kaxkape egoitzan. Saioa, Nerea Mendizabal psikopedagogoak bideratuko du.
Teknologia berrien inguruko formazio saioa
Teknologia berrien erabilera osasuntsu eta arrisku gabekoa sustatzeko tailerra antolatu du Usurbilgo Udalak. Formazio saioa urtarrilaren 26an, 18:00-20:00 artean Potxoenean. Erdarazko saio bat ere programatu dute, urtarrilaren 28rako, ordutegi eta leku berean; Potxoenean, 18:00etatik 20:00etara. Hitzorduok, Pantallas Amigas ekimeneko kide Araiz Zalduegik bideratuko ditu. Guraso, tutore legal edota hezitzaile lanetan dihardutenei zuzendua egongo da. Izen emateko, apuntatu aurrez eta doan, bideotatik:
gizartelangilea3@usurbil.eus
943 377 110