Urtarrilaren 29an hasiko dira epaitzen, Marisa Alejandro eta Ezker Abertzaleko beste 34 kide

Noaua Aldizkaria 2015ko urt. 15a, 11:00


Espainiako Auzitegi Nazionalak finkatu du, Ezker Abertzaleko 35 kideren aurkako epaiketa noiz hasiko den; urtarrilaren 29an abiatuko da, azken orduotan hedabideek zabaldu dutenez. Gogoan izan, berez astelehenean ekitekoa zela 04/08 sumarioaren baitan auziperatuak dauden 35 lagunen, tartean Marisa Alejandro usurbildarraren aurkako epaiketa. Baina astelehen goizean bertan, Guardia Zibilak 16 euskal herritar- euskal abokatuak gehienak- atxilotu ostean, bertan behera geratu zen. Hain zuzen, besteak beste, Ezker Abertzalearen aurkako epaiketan defentsa lanak egin behar zituzten hiru abokatu atxilotu baitzituzten; Amaia Izko, Haizea Ziluaga eta Eukene Jauregi. Egoera honen aurrean, auziperatuen defentsak epaiketa bertan behera uzteko eskatu eta hala geratu zen. Etenda, noiz hasiko zen jakin gabe.

Astelehenean atxiloturiko 13 lagun aske, 3 espetxera
Asteleheneko polizia operazioan atxiloturikoak atzo hasi ziren deklaratzen. Lehenengo sei lagunak aske geratu ziren, deklaratu eta gero; Onintza Ostolaza, Arantxa Aparicio, Haizea Ziluaga, Eukene Jauregi, Amaia Izko eta Nagore San Martin. Tartean ziren, Madrilen Ezker Abertzaleko 35 kideren aurkako epaiketan defentsa lanak egin behar zituzten hiru abokatuak. Hiru abokatuok aske geratu ostean erabaki du Espainiako Auzitegi Nazionalak, Ezker Abertzaleko 35 kideren aurkako epaiketa urtarrilaren 29an hastea. 

Asteazken honetan epaileak deklarazioa hartu ostean, beste zazpi abokatu aske utzi dituzte; Aiert Larrarte, Ainhoa Baglietto, Atxarte Salvador, Kepa Manzisidor, Jaione Karrera, Ane Ituño eta Alfontso Zenon. Epaileak espetxera bidali ditu; Fran Balda, Jon Mintegiaga eta Jabi Carballido.

Manifestazioa larunbatean
Eragile politiko, sozial eta sindikalek, euskal abokatuen aurkako polizia operazioa salatzeko manifestazioa deitu dute larunbat honetan, urtarrilaren 17an, Donostian. Mobilizazioa, arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Antiguako tuneletik, "Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea" aldarripean. Deitzaileen artean dira, Sortu, EA, Aralar, Alternatiba, EB, ELA, LAB, EHNE, ESK, STEE-EILAS, Hiru, CNT, CGT-LKN Euskal Herria, 04/08 Epaiketaren Kideak, abokatuak, AHT Gelditu, Bilgune feminista, Egiari Zor, EHE, Eraiki Aralar, Ernai, Esait, Etxerat, Ezker Gogoa, Gazte Abertzaleak, GITE-IPES, Goldatu, Ikasle Abertzaleak, Lokarri...

Agerraldia igandean
Igande honetarak, urtarrilaren 18rako, agerraldia deitu du herritar talde batek, eguerdiko 12:30etan, Mikel Laboa plazan. "Madrileko Auzitegi Nazionalean 04/08 sumarioan epaituko dituzten 35 euskal herritarrei, horien artean Marisa Alejandro herritarra, elkartasuna adierazteko agerraldi berezia egingo dugu". Auzitegi Nazionaleko epaiketa bertan behera geratzea eskatuko da. Deialdia irekia denez, herritar oro gonbidatzen dute hitzordura. "Ahalik eta herritar gehien gerturatzea eskatzen dugu, argazki erraldoi bat osatzeko. Animatu!".

Twitterren helbidea zabaldu dute: @LibreMarisa