Zubietako erraustegia eraikitzeko Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) aurreko kudeatzaileek kontratatu zituzten SWAP finantza produktuen harira, produktuok eskaini zituzten Caixabank, Banesto eta Price Waterhouse entitateak auzitara eraman zituen GHK-k. Epaia asteazken eguerdian kaleratu zen. Epaia bankuen aldekoa izan da. Ostegun goiz honetan hedabideen aurrera agertu dira GHK-ko kideak. Adierazi dutenez, kaleratu berri den epaia aztertzen dabiltza une honetan. Gaurkoz erabakitzeke dute, helegiterik aurkeztuko duten. Halere, edozein erabaki hartzen dutela ere, berri emango dutela adierazi dute, GHK-k Hernanin duen egoitzan.
Argitu nahi izan dutenez, epaiak ez du aldaketarik eragingo. Orain arteko diru kopuru bera ordaintzen jarraitu beharko dugu gipuzkoarrok hilero, eraikiko ez den errauste plantagatik. "Gipuzkoak SWAP kuotak ordaintzen jarraitu beharko due, errauste planta egiteko eskatu ziren maileguak erabiltzen ari bailitzan, nahiz eta benetan kreditu horiek ez erabili. Errauste planta eraiki izan balitz ere, kuota hauek berdin-berdin ordaindu beharko lirateke; beraz, epai honek ez dakar aurretik aurreikusi gabeko ordainketarik".
Are gehiago, Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko lehendakariak zioenez, hilero ordaindu beharreko tarifa bikoiztu egingo zen, errauste planta eraiki izan balitz. Eta horrek udalei hondamendi ekonomikoa eragingo ziela dio. Azaltzen ari zena, zenbakitan argi utzi du; errauste planta eraikitzeak guztira, 500 milioi euroko kostua izango zuen. Haren erdia, 250 milioi euro, eraikiko diren azpiegitura alternatiboek.
Egun dugun egoeraren ardura, GHK-ko aurreko kudeatzaileei egotzi die Intxaurrandietak. Kaleratu berri den epaiaren inguruan GHK-ko ordezkariek egin duten agerraldia, albiste honi atxikitako bideoan duzue.