Hilabete eskas mozorro festarako. Otsailaren 14an, ipuinak berpiztuko ditugu Usurbilen ospatuko den Inauteri Festa handian. Ipuinak, 2015eko edizioan janzteko gaia. Egitaraua iragartzen duen kartela prest dagoeneko. Azken orduko aldaketarik ez bada, eguerdian hasiko dugu NOAUA! Kultur Elkarteak antolaturiko jaia, Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandi Konpartsako lagunen eskutik. Kalejiran irtengo dira dultzaineroen laguntzaz.
Bazkalosterako, 12-16 urte artekoek karaoke gune handian bihurtuko dute Gaztelekua. Eta iluntzean, aurreko urteetan harrera ezinhobea izan duen Burrunbazale txarangakoak bueltan datoz Usurbila, mozorro festa musikaz blaitzera. Kalejira aurten ere Usurbilgo Gaztetxean amaituko da. Gaztetxean ospatuko da hain zuzen, Inauteri Festako afaria. Eurekin elkarlanean antolaturiko otordurako txartelak aurrerago jarriko ditugu salgai, 14 eurotan; NOAUA!n, Irratin eta Bordatxon.
Hilabete eskas inauterietarako. Mozorroa prestatzen joan!