Usurbildarrak, nazio mailako pilotari talde onenean bilakatzeko bidean ditugu. Estreinakoz zortzi talderen artean jokatu den Euskal Herriko Klub Arteko Pilota Txapelketa amaierara heldu da. Final handia, igande honetan, urtarrilaren 18an jokatuko da, 17:00etatik aurrera Amezketako frontoian. Galdakaoko taldea menderatu beharko dute, txapeldun amaitzeko. Final handiaren zehaztasunak jarraian:
Finala
Eguna: urtarrilak 18, igandea
Ordua: 17:00.
Tokia: Amezketako Larrunarri pilotalekua.
Finalistak: Adiskide (Galdakao)-Usurbil
Neurketak:
-Banaka lau t´erdian: Legorburu-Urbieta
-Banaka frontoi osoan: Atutxa-Santxo
-Binaka: Elezkano-Galarza – Quina-Gorrotxategi
Bortziriak (Bera)-Usurbil, finalaurrekoko emaitzak
-Banaka lau t´erdian: Errandonea 18-10 Quina
-Banaka frontoi osoan: Olaizola 4-18 Santxo
-Binaka: Mitxelena-Martinez 9-22 Gorrotxategi-Elola
Txapelketari buruzko informazio gehiago: pelotabizi.com
Xabier Santxo: "Irabazteko esperantza dugu"
Zer nolako finala aurreikusten duzue?
Xabier Santxo: Denek esaten digute faboritoak gu garela. Aurkariak ordea nahiko gogorrak dira, ez dakigu beste taldeek nola jokatuko duten. Gu normalean jokalari taldea etxetik osatuta joaten gara eta ez dugu ezer aldatzen, baina badakigu badirela badaezpada takoak jantzita joandako taldeak, despistera jokatu nahia izaten dutenak.
Estrategia, aurkariak ez ezagutzeko noski. Emozio handia egon da txapelketan?
Bai. Gurekin batera, Uharte, Iruñeako talde bat zen hasieran txapelketako faboritoa. Baina Uharte lehenengoan kanporatu zuten. Partida irabaziko zutela ziur ziren, baina neurketa bat gaizki jolastea nahikoa izan zen. Beste neurketan taldea aldatu zuten. Ustez finalera helduko zirenak, azkenean haiek kalera. Emozioa eta xarma badu txapelketa honek. Lehen aldiz antolatu da. Orain arte pilota munduan sartu ez diren babesle piloa aurkitu dute. Denontzako ere mesede.
Zer moduzko txapelketa iruditu zaizue?
Txapelketa pribatuetan parte hartzera ohituak gaude. Antolatzaileak asko mugitu dira. Inoiz ez dute egin web orri bat, orain egin duten moduan, argazkilari bat dute neurketetako argazkiak igotzen, partidak twitterretik jarraitu daitezke, eta uneoro egiten dituzten ekimenen berri ematen dute. Batez ere pertsona batek lan asko egin du.
Zerk ekarri zaituzte finalera?
Oso talde orekatua dugu. Lau t´erdian bada talde kide bat oso ondo jolasten duena, nik buruz burukoan jokatzen dut. Binakako taldeak lehenengo partida galdu arren, lau t´erdikoa eta buruz burukoa irabazi genuenez, aurrera jo genuen. Finalaurrekoan lehen partida galdu zen. Azken bi neurketak irabazi behar genituen, baina partidak erraz joan ziren, uste baino hobeto. Lesio bat egon zen eta kide batek ezin izan zuen jokatu.
Finalaurrekoa gorabeheratsu samarra suertatu zitzaizuen?
Eguraldi txarraren eraginez, hezetasuna zegoen frontoian. Hiru neurketatik bakarra jokatu zen urtarrilaren 4an. Azkenean, beraiek ere minik ez hartzen gehiago pentsatzen ari ziren partidan baino. Jokalariak kexatu ostean, aurreko ostegunera atzeratu zituzten beste bi neurketak. Finalak berez aurreko igandean behar zuen. Ostegunean finalaurrekoa jokatuta, ez zegoen denborarik finala antolatzeko. Igande honetara atzeratu dute.
Finalerako kinielarik egiterik bai?
Bai. Irabazten badugu hobeto baina tristea litzateke lau t´erdikoa eta buruz burukoa aurkariek irabaztea. Hirugarren neurketa, publikoari begira gehienbat, inongo graziarik gabe jokatuko litzateke. Azken partidan emozioa egonda hobe. Ez dakigu guk ere oraindik nola jokatuko dugun finalean. Galdakaok betiko taldea aterako duela espero dugu. Horren arabera, lau t´erdikoa eta buruz burukoa irabazi beharko genuke. Baina agian beraiek ere estrategiaz alda dezakete. Irabazteko esperantza dugu.
Usurbilgo taldean usurbildar bakarra zara. Zerk erakarri ditu gainerako talde kideak zuen klubera?
Azken urteotan Usurbilen taldearen maila handitu da. Ikusi dute giro polita, naturala dugula klubean. Beste klub batzuetan badakigu liskarrak egon direla. Arazorik ez dugu izan oraingoz, eta ez izatea espero dugu. Egia da, jende gehiagok adierazi digula etortzeko nahia. Gai honengatik kritika bat edo beste ere jaso izan dugu. Hasieratik esan dugu gu ez garela inoren bila joan, etorri badira beraiek nahi izan dutelako izan dela. Klubaren maila ona bazen ere, jokalariok hobetzen lagundu dute.