Euskaldunon erabakitze eskubidea ehuntzen segi nahi du Gure Esku Dago mugimenduak, hasi berri dugun 2015. urte honetan. Erronka nazional baterako hitzordua ere jarria dute; ekainaren 20an izango da. Deialdi honi eta urtean zehar garatu nahi dituzten ekimenen inguruko zehaztasunak, ostiral honetan, urtarrilaren 16an emango ditu Usurbilgo lan taldeak, iluntzeko 19:00etatik aurrera Sutegiko auditorioan antolatu duen ekitaldian.
Bertan, "Jostunak" dokumentala proiektatuko dute. "Jostunak: herritarren borondateak jositako istorio bat" dokumentalak Gure Esku Dago ekimenaren sorrera eta garapena ditu ardatz, ekainaren 8ko giza katea barne, eta Euskal Herriko kolore desberdinetako pertsona esanguratsuen bitartez erabakitzeko eskubidearen inguruko korapilo nagusien inguruko hausnarketa dakar. Dokumentalaren zuzendaria Eriz Zapirain da, Jon Maiarekin batera Nazioen Mundua ekimenaren berri jaso zuen "Gazta Zati Bat" lanaren gidari izan zena". Dokumentalaren trailerra ikusgai duzue, albiste honi atxikitako bideoan.
"Jostunak" dokumentalaz gain, iragan ekainaren 8ko erabakitze eskubidearen aldeko giza-kate historiko hartako Usurbilgo irudien laburpena ikusteko aukera egongo da. Ekitaldira bertaratzeko gonbita luzatu du Usurbilgo Gure Esku Dago taldeak.
Kaixo lagun!
Mezu honen bidez urtarrilaren 16an arratsaldeko 19:00tan Sutegin egingo dugun “Jostunak” dokumentalaren emanaldira gonbidatu nahi zaitugu. Dokumental honek Gure Esku Dago ekimenaren sorrera eta garapena ditu ardatz, ekainaren 8ko giza katea barne, eta Euskal Herriko kolore desberdinetako pertsona esanguratsuen bitartez, erabakitzeko eskubidearen korapilo nagusien inguruko hausnarketa dakar. Herritarron borondateak jositako istorio bat kontatzen du. Zu ere izan zinen ekainak 8 eder hartako protagonista, eta ziur gaude dokumentala gustoko izango duzula!
Dokumentala proiektatzeaz gain, ekainaren 20an egingo den erronka nazionala aurkezteko ere baliatuko dugu eguna. Ikasturte honetan erabakitzeko eskubidearen alde “erabakia ehuntzen” jarraitu nahi dugu eta bidea egiteko ekimen berriak prestatzen ari gara. Horretarako zuen parte hartzea behar beharrezkoa da.
Ekimen honen oinarriak gogoratu nahi ditugu berriro: Gurea dinamika herritarra da. Erabakitzeko eskubidearen alde Euskal Herrian lan egiten duen dinamika anitza eta parte-hartzailea, tokian tokiko ekimenei aterkia eskaintzen diena. Urtea hasi besterik ez da egin eta lan asko dugu egiteko; lehenengo zita urtarrilaren 16an Sutegin, bertan ikusiko dugu elkar!
Herri bat gara. Erabakitzeko eskubidea dugu. Herritarron garaia da.
Usurbilgo Gure Esku Dago