Manifestazioa larunbatean eta agerraldia igandean, azken atxiloketak eta datorren epaiketa salatzeko

Noaua Aldizkaria 2015ko urt. 16a, 13:32


Hitzordu bana; larunbatean 17:00etan Antiguako tunel parean, igandean 12:30etan Mikel Laboa plazan, aste hasierako atxiloketak eta urtarrilaren 29an abiatuko den Ezker Abertzaleko 35 kideren (tartean, Marisa Alejandro usurbildarraren) aurkako epaiketa salatu, eta atxilotu zein auziperatuei elkartasuna adierazteko.

Bi hitzorduak asteburuan izango dira. Lehena, Donostian. Eragile politiko, sozial eta sindikalek, euskal abokatuen aurkako polizia operazioa salatzeko manifestazioa deitu dute larunbat honetan, urtarrilaren 17an, Donostian. Mobilizazioa, arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Antiguako tuneletik, "Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea" aldarripean. Deitzaileen artean dira, Sortu, EA, Aralar, Alternatiba, EB, ELA, LAB, EHNE, ESK, STEE-EILAS, Hiru, CNT, CGT-LKN Euskal Herria, 04/08 Epaiketaren Kideak, abokatuak, AHT Gelditu, Bilgune feminista, Egiari Zor, EHE, Eraiki Aralar, Ernai, Esait, Etxerat, Ezker Gogoa, Gazte Abertzaleak, GITE-IPES, Goldatu, Ikasle Abertzaleak, Lokarri... Manifestazioan bildutako laguntza, Sare mugimenduarentzat izango da. Urtarrilaren 10eko Bilboko manifestazioan bildu eta Guardia Zibilak konfiskaturiko diru kopuruak eragindako galerei aurre egiteko.

Gogoan izan 16 euskal herritar atxilotu zituen Guardia Zibilak astelehenean. 3 espetxera bidali ditu epaileak: Fran Balda, Jon Mintegiaga eta Jabi Carballido. Beste 13 lagunak aske geratu dira: Onintza Ostolaza, Arantxa Aparicio, Haizea Ziluaga, Eukene Jauregi, Amaia Izko, Nagore San Martin, Aiert Larrarte, Ainhoa Baglietto, Atxarte Salvador, Kepa Manzisidor, Jaione Karrera, Ane Ituño eta Alfontso Zenon.

Herritarren elkartasun agerraldia igandean
Igande honetarako, urtarrilaren 18rako, agerraldia deitu du herritar talde batek, eguerdiko 12:30etan, Mikel Laboa plazan. "Madrileko Auzitegi Nazionalean 04/08 sumarioan epaituko dituzten 35 euskal herritarrei, horien artean Marisa Alejandro herritarra, elkartasuna adierazteko agerraldi berezia egingo dugu". Auzitegi Nazionaleko epaiketa bertan behera geratzea eskatuko da. Deialdia irekia denez, herritar oro gonbidatzen dute hitzordura. "Ahalik eta herritar gehien gerturatzea eskatzen dugu, argazki erraldoi bat osatzeko. Animatu!".

Twitterren helbidea zabaldu dute: @LibreMarisa

Asteleheneko atxiloketen ostean, Ezker Abertzaleko 35 kideren aurkako epaiketa bertan behera geratu zen, atxilotuen artean defentsa lanak egin behar zituzten hiru abokatu baitzeuden. Abokatuok aske geratu dira egunotan eta epaileak, epaiketa hasteko data berria finkatu du; urtarrilaren 29an hasiko da, 04/08 sumarioan auziperatuak dauden euskal herritarren aurkako epaiketa Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean.