Ehun inskripzioren muga gainditu du, Irisasi BTT 2015ek

Noaua Aldizkaria 2015ko urt. 19a, 11:30


Ehunetik gora lagunek izena emana zuten astelehen goiz honetan, igandean ospatuko den Irisasi BTT "Hotzak akabatzen" 2015 probarako. Gogoan izan, apuntatzeko epeak irekita segiko du ostiralera arte, hilaren 23ra arte, kirolprobak.com atarian. Prezioak; 15 euro federatuek, 18 euro federatu gabekoek. Egunean bertan, 22 euro guztiek. 

Iaz bezala, bi ibilbide egongo dira aukeran; bat motza, 30 kilometro ingurukoa, bestea luzea 40 bat kilometrotakoa, 900 eta 1300 metrotako desnibel positiboarekin hurrenez hurren. Aldaketak egon daitezke halere, antolatzaileek ohartarazi dutenez: "ibilbidea aldatu daiteke, eguraldiaren baldintza eta mendiaren egoeraren arabera". Proba goizeko 9:30etan hasiko da. Frontoia izango du abiapuntua eta helmuga. 

Parte hartzaile guztientzat opariak izango dira helmugan: Craft markako kirolerako kamiseta eta Saizar botila bat sagardo. Honez gain, dozenaka opari zozketatuko dituzte parte hartzaileen artean. Honatx antolakuntzak eskainiko dituen zerbitzuak:
-Janaria eta edari beroa bidean.
-Hamaiketakoa helmugan.
-Asistentzia bidean.
-Dutxak Oiardo Kiroldegian.
-Bizikletak garbitzeko mangerak.

Informazio gehiago: andatzamendizale.info atarian.