"Aktak euskaraz bidaltzen jarraitzea erabaki duten udalak babestuko ditu UEMAk"

Noaua Aldizkaria 2015ko urt. 19a, 14:45

Hala erabaki du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak asteburuan eginiko batzar nagusian, Espainiako Gobernuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan duen ordezkari Carlos Urquijok, agiriak euskaraz bidaltzeagatik hainbat udal auzitara eramango dituela jakitera eman ostean. Urquijoren helegitea jaso duten udalen artean da Usurbilgoa ere. "Aktak euskaraz bidaltzen jarraitzea erabaki duten udalak babestuko ditu UEMAk. Aduna, Arama, Antzuola, Bergara, Amezketa, Beizama, Elgeta, Gaintza, Oiartzun, Oñati eta Usurbilgo udalek aktak euskaraz bidaltzen jarraituko dute eta helegiteei aurre egiteko bideari ekingo diote epaitegietan. UEMAren aholkularitza juridikoa baliatuko dute udalek horretarako. Eta Eusko Jaurlaritzak aktak euskaraz bidaltzea legezkotzat joaz udaletara bidalitako txosten juridikoa izango da defentsarako oinarria", UEMA-tik  berri eman dutenez. 

Euskararen aurkako erasoaldi larri honi, bat eginda erantzun behar zaiola diote. Erakundea bide horretan ari da lanean. "UEMA instituzio eta eragileekin harremanean ari da erantzun hori antolatu nahian. Eta ahalegin berezia egingo dugu erantzun hori afera honi eman beharreko soluziobideekin lotzen. Izan ere, ez da nahikoa udalei babesa adieraztea. Euskaldunon eskubideak bermatu eta euskaraz aritzea juridikoki babesteko moduak bilatu behar ditugu, ezinbestean. Baita horretarako, EAEko euskararen legea bera egokitu behar bada ere", UEMAkoen esanetan. Euskararen ofizialtasuna defendatzea Jaurlaritzari dagokionez, babesa eskatu diote Gasteizi, helegiteekin geure hizkuntzaren ofizialtasuna bera zalantzan jartzen ari direla baitiote. "Euskara sustatu nahi dugunon lana baldintzatzen ari dira. Eta garai ilunenetan bezala, orain euskaraz aritzea baimentzen badigute ere, erdara erabiltzera behartu nahi gaituzte", diote.

Egoerari aurre egiteko, ikuspegi ekintzailea
2015erako onarturiko egitasmoen agendan dago gai hau. "Erasoei ikuspegi eraikitzaile batetik erantzuteko konpromisoa hartu dugu. Udalerri euskaldunak, euskararen arnasguneak indartzeko, politika eraginkorrak abian jartzen saiatuko gara; hizkuntza politika euskara departamentutik harago eraman, eta euskararen arnasguneak duten garrantzia aintzat hartuta, politika orokorraren erdigunean kokatzen saiatuz", iragarri dutenez.

Asteburuan Zumaian egindako batzar nagusian, Hego Euskal Herriko 73. udalerriak bat egin zuen erakundearekin; Zerainek. Erakundean sartzeko erabakiagatik helegitea jarria dio baita Urquijok, Zeraingo udalari, "hala eta guztiz ere, Zeraingo udalak euskara sustatzeko hartutako konpromisoari atxikiz, onartu dugu Zerain UEMAko kide izatea. Bihartik aurrera, elkarlanean ariko gara udalak euskaldundu eta euskararen arnasguneak sendotzeko".