"Jasotzen ari garen erasoaldi honen aurrean ezin dugu udalok bakarrik geratu"

Noaua Aldizkaria 2015ko urt. 19a, 15:03

Hala dio Usurbilgo Udalak, agiriak euskaraz bidaltzeagatik Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkari Carlos Urquijoren helegitea jaso ostean. "Gaia oso larria da, izan ere euskararen ofizialtasuna bera ari dira zalantzan jartzen. Euskara ofiziala dela diote, baina ondoan gaztelania jartzen badiogu. Ulertezina egiten da bi hizkuntzak ofizialak izanik eta administrazioak bi hizkuntzak jakitera behartuta gaudela kontutan hartzen badugu, nola den posible euskara aritzearen legezkotasuna zalantzan egotea", dio Udalak NOAUA!ra igorritako ohar bidez.

Urquijoren jarrera oztopatzailea salatzen du Udalak. "Beste behin ere argi ikusten dugu, Urkijok Euskaraz aritzea eta Euskararen normalizazio bidean egiten diren urrats guztiak oztopatu nahi dituela. Kontratazioetako irizpideak errekurritu zituen, erabilpen planak izan ditu jomugan, herri euskaldunak UEMAn sartzeko oztopoak jartzen ari da eta orain, administrazioen arteko hizkuntzak elebitan izan behar duela dio", Udalaren esanetan.

Urquijorena bezalako erabakiek, atzerapauso handia suposatzen dutela diote. "Urte luzez eta lan handia eginda euskaraz funtzionatzera iritsi gara gure udaletan, eta horrelako erabakiek lan hori guztia atzera botatzea dakarte. Izugarrizko atzerapausua da", Udalaren esanetan. Eragingo lituzkeen kalteak, hizkuntza mailakoez gain, bai ekonomikoak, eta lan bikoizketa. "Udaloi izugarrizko kostua suposatuko liguke orain udal erabaki guztiak itzultzen hasi beharrak. Eguneroko lana bikoiztuko luke beharrik ez dagoenean. egungo funtzionamenduan herritar guztien eskubideak bermatzen ditugunean".

"Euskararen ofizialtasuna EAEn Jaurlaritzari dagokio defendatzea"
Egoerari elkarlanean aurre egin behar zaiola irizten dio Usurbilgo Udalak. "Jasotzen ari garen erasoaldi honen aurrean ezin dugu udalok bakarrik geratu. Instituzioen, euskalgintzaren eta herritarren elkarlanaz egin behar diegu aurrera horrelakoei". Erakundeen artean, deialdi berezia egiten diote Eusko Jaurlaritzari. "Guk aurrera egingo dugu erabakiarekin, baina ez dugu uste kontu hau epaitegietan defendatzea udaloi dagokigunik. Euskararen ofizialtasuna EAEn Jaurlaritzari dagokio defendatzea", gogorarazten dute.

Jaurlaritza aipatuta, Euskararen Legeak behar beste berme juridikorik ez duela agerian geratu dela gaineratzen dute. "Jaurlaritzak esaten ditu legezkoa dela aktak euska hutsean bidaltzea, baina ez dugu berme juridikorik. Aurrez badago legezkoa ez dela dioen epai bat (Lekeitiokoa). Guzti honek, arazo larri bat agertarazten du, Euskararen legeak ez duela nahiko berme juridikorik", Udaletik diotenez.