Itsasoan eta barnealdean alerta laranjan egongo dira datozen bi egunotan, 5 metroko olatuak espero baitira, eta barnealdean elurra behe samarrean. Gure inguru honetarako aldiz, "prezipitazio iraunkorragatik" abisu horia emana dute, asteazken eguerdiko 12:00etatik ostegun arratsaldeko 18:00ak arte. "24 ordutan 60 l/m2 baino gehiago pila daitezke kantauri isurialdeko zenbait puntutan, bereziki ekialdean. Prezipitazio ertaina egingo du, ugaria eta zenbait lekutan iraunkorra, bereziki ekialdean. Trumoi-ekaitzak eta txingorra botako ditu", Euskalmet agentziak dioenez:
Urtarrilak 21, asteazkena
"Asteazkena giro euritsuarekin dator. Kantauri isurialdean goizean goizetik euria egingo du eta eguerdirako prezipitazioa lurralde osora zabalduko da. 600-800 m-tik gora botatzen duena elur tankeran egingo du. Gainera egunaren bigarren zatian trumoiak jo dezake eta txingorra botatzeko aukera ez ezik, ekaitz-guneetan ere elurraren maila 500 m-ra jaitsi liteke, batez ere ekialdean. Eguneko tenperatura apur bat igo arren, apenas nabarituko dugun igoera hori eta hotz kontuekin jarraituko dugu; barnealdean izotza botako du".
Urtarrilak 22, osteguna
"Aldaketarik ez ostegunerako, giro euritsuak jarraipena izango du. Tenperaturak koska bat egin dezake gora, hala ere, elurraren maila une askotan 600-800 m-ren bueltan egongo da; arratsaldean apur bat igo daiteke. Prezipitazioa lurralde osora hedatuko da, baina litro gehien kantauri isurialdean pilatuko da. Ipar-mendebaldeko haizea indartsu ibiliko da, bereziki egunaren lehen partean".
Informazio eguneratua: euskalmet.net