Urtarrilaren 16an Gure Esku Dago taldeak Sutegin proiektaturiko "Jostunak" dokumentala ikusterik izan ez bazenuten, adi, ostiral honetan, Zubietan eta Aginagan eskainiko baitute. Bi proiekzioak iluntzeko 19:00etatik aurrera; Zubietako Kaxkapen eta Aginagako ludotekan.
"Jostunak: herritarren borondateak jositako istorio bat" dokumentalak Gure Esku Dago ekimenaren sorrera eta garapena ditu ardatz, ekainaren 8ko giza katea barne, eta Euskal Herriko kolore desberdinetako pertsona esanguratsuen bitartez erabakitzeko eskubidearen inguruko korapilo nagusien inguruko hausnarketa dakar. Dokumentalaren zuzendaria Eriz Zapirain da, Jon Maiarekin batera Nazioen Mundua ekimenaren berri jaso zuen "Gazta Zati Bat" lanaren gidari izan zena". Dokumentalaren trailerra ikusgai duzue, albiste honi atxikitako bideoan.
Ekainaren 20rako prestatzen
Euskaldunon erabakitze eskubidea ehuntzen segi nahi du Gure Esku Dago mugimenduak, hasi berri dugun 2015. urte honetan. Erronka nazional baterako hitzordua ere jarria dute; ekainaren 20an izango da. "Ikasturte honetan erabakitzeko eskubidearen alde “erabakia ehuntzen” jarraitu nahi dugu eta bidea egiteko ekimen berriak prestatzen ari gara. Horretarako zuen parte hartzea behar beharrezkoa da", luzatu dute gonbita Gure Esku Dago taldekoek.