Apuntatu zuen agendetan; martxoaren 22an, igandez igaroko da 19. Korrika Zubieta, Usurbil eta Aginagatik. "Lekukoa Hipodromo zubian (Lasarte-Orian) hartuko dugu eta herriko hainbat kale eta auzo zeharkatu ondoren oriotarrei pasako diegu Mapilen", Etumeta AEK euskaltegitik NOAUA!ri berri eman diotenez. Korrika ahalik eta parte hartzaileena sustatu nahi dute. Horregatik, beste herrietan bezala, Usurbilen ere Korrika Batzordea osatzera animatzen gaituzte. Lehen bilera, ostiral honetarako, urtarrilaren 23rako deitu dute, arratsaldeko 18:00etan, Etumeta AEK euskaltegiaren egoitzan (Kale Nagusia 43, behea. Zumarte ondoan). "Herriko elkarte zein norbanako guztiei bertara etortzeko gonbidapena luzatu nahi dizuegu, guztiak izango zarete ongi etorriak!", adierazi dute euskaltegitik.
Momentuz sare sozialetan gune bat martxan jarri dute. Facebook-en hain zuzen. "Korrika 19 Lasarte-Usurbil" orrialdean zabalduko dute euskararen aldeko lasterketa gure artera heldu aurretik antolatuko diren ekintzen informazioa. Aurreko urteetako argazkiak partekatzeko gunea ere izango da. "Interesa baduzue atsegin dut, besterik ez duzue klikatu behar", gonbidatu gaituzte.
Arropa salgai
Jertseak, mahuka motz eta luzedun kamisetak, bufak, txanoak, motxilan bihurtzen diren poltsak... Tamaina eta kolore ezberdinetan. Eskuragarri duzue 19. Korrikako materiala euskaltegian. Bertaratu, probatu eta erosi. 19. Korrika pasa arte salgai izango duzue.
Informazio gehiagorako:
Nagusia, 43
Astelehenetik ostegunera: 09:30-12:00/16:00-19:00
607 609 379.
usurbil@aek.org
www.aek.org
muntteri.blogspot.com.es
Korrika Laguntzailea
Martxoaren 22an Usurbildik igaroko den 19. Korrika laguntzeko aukera dugu herritarrok. Korrika Laguntzailea kanpaina martxan da beste urte batez. 12 euroko ekarpena egin, eta trukean, "laguntzaile zarela adierazten duen pina, Euskal Herriko ehunka komertziotan beherapenak izatea ahalbidetuko dizun Korrika Laguntzailea txartela, eta txartela erabili ahal izango den komertzioen katalogoa" eskura dezakezue. Pina, txartela eta katalogoa, Etumeta AEK euskaltegian eskuratu ahalko dira. "Korrikak eta AEK-k behar zaituzte! Izan euskahaldun eta Korrika Laguntzaile!", luzatu dute gonbita euskaltegitik.
Korrika Kulturala
Laster eskuragarri izango duzue app berri bat; 19. Korrikarena. Berrikuntza honekin aurkeztu dute martxoko euskararen aldeko lasterketa girotuko duen Korrika Kulturala. Datozen asteetan, hainbat ikuskizun programatuko dituzte Euskal Herri luze eta zabalean; "Fausto" antzezlana, "Gosariak", "Hor dago ardoa!", Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizun berriena, Bertso Korrika eta Bertsolaritzaren sekretuak. Hiru lehiaketa ere antolatu dituzte Korrika Kulturalaren baitan. Martxoaren 9ra arte parte hartu ahalko duzue ekimenotan:
Abesti bertsioa
-Oinarriak: Korrika 19ren abestia (albiste honi atxikitako bideoan duzue entzungai) ahalik eta gehien zabaltzeko asmoz, musika-talde desberdinen arteko bideo-lehiaketa. Talde bakoitzak Korrika 19ko abestiaren bertsioa prestatu beharko du, letra bere horretan mantenduz eta musika bere estilora egokituz.
-Saria: Asteburu pasa talde irabazlearentzat.
Bideo-kopla lehiaketa
-Oinarriak: Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eta Korrikak elkarlanean antolaturiko txapelketak helburu bikoitza du: euskara ikasten edota praktikatzen dabiltzanak bertsolaritzaren mundura hurbiltzea eta bertsolaritzak euskara praktikatzeko eskaintzen dituen aukerak erakustea.
-Parte hartzaileak: euskaltegietako taldeak zein praktika egitasmoetako taldeak, erakunde guztietakoei zabalik.
-Gaia: Helduen euskalduntzea.
-Kopurua eta euskarria: 6 koplaz osatutako bertsoaldi bat idatzi, bideoz grabatu eta bidali.
-Saria: Afaria edo bazkaria sagardotegi batean, bi bertsolarirekin. Parte hartu duten gainerako taldeek ere aukera izango dute sagardotegian lekua eskatzeko (nork berea ordainduta).
Bideo lehiaketa
-Oinarriak: EUSKALKIEN inguruko bideo-lehiaketa. Parte-hartzaile bakoitzak, norbanako zein taldeak, bere euskalkiaren inguruko bideoa prestatu beharko du. Bideo honetan tokiko euskalkiaren inguruan nahi duen informazioa zabaldu beharko du: egungo egoera, erabilera-maila, hizkuntz berezitasunak, hitz bereziak, azken hiztunak… Euskalki bakoitzaren egoera horren desberdina izanik, gure herrian dagoen hizkuntz aniztasuna agerian jarri nahi da.
-Bideo-sorkuntzarako baldintzak: 3 minututik beherako iraupeneko bideoa izatea eta «Euskahaldun!» Korrika 19ren leloa behin gutxienez erabiltzea.
-Arau teknikoak: bideoaren formatua MP4 edo AVI (bidaltzeko orduan, ZIP euskarrian, hau da, konprimituta bidaliko da ), gehienezko tamaina 10 Gigakoa izango da, eta mezuaren goiburua ”Korrika 19 bideo lehiaketa” izango da.
-Saria: Mac gailu bat.
Lehiaketetako lanak bidaltzeko epea: martxoaren 9a baino lehen, korrika.aek@gmail.com helbidera.
Lanen inguruko erabakia martxoaren 15ean hartuko da.
Informazio gehiago: korrika.eus