Zarautzera oinez, Andatzakoen urteko lehen txangoa otsailaren 8an

Noaua Aldizkaria 2015ko urt. 21a, 06:32

Andatza Mendizaleen Kirol Taldeak 2015erako proposaturiko lehen txangoa duzue otsailaren 8koa. Aipatu moduan, Usurbil eta Zarautz lotuko dituen 17 kilometroko ibilbidea osatuko dute mendizaleek. “Usurbildik abiatuko gara, Loatzu eta Pagoederragatik Oriora bideratu eta Txurrukatik Zarautzera iristeko. Ondoren trena hartu eta Usurbila itzuliko gara”, antolatzaileek berri eman dutenez. Ibilbidean zehar, geldialdia egingo dute Zarauzko kanpinaren alboan kokatua dagoen Talai Berri txakolindegian. Txakolina nola ekoizten duten ezagutu eta bertako produktuak dastatzeko aukera izango dute, txangoan parte hartuko dutenek.

Irteerara joateko gogoan izan, derrigorrezkoa izango dela aurrerantzean, federatua egotea eta mendiko aseguru txartela izatea. Zarauzko irteerarako bestalde, 10 euroko ordainketa egin beharko da, otsailaren 4a baino lehen, Andatzakoek dituzten bi kontu zenbakiotako batean:
RURAL KUTXA: 3008 0259 1630 0543 0321 
KUTXABANK: 2095 5069 0710 6848 9805

Informazio gehiagorako: andatzamendizale.info

Irteeretarako, aseguratua egotea derrigorrezkoa
2015. urtetik aurrera, Gipuzkoako beste elkarte asko bezala, Andatza ere mendizale federatuen taldea izango da. Orain arte, bilgunetik antolatzen zituzten irteeretan, federatu nahiz federatu gabeak joan zitezkeen. Aurrerantzean aldiz, diogun moduan, mendiko asegurua izatea ezinbestekoa izango da txangoetan parte hartzeko.

Orain arte ez da ezbehar larririk gertatu, eta eskerrak, baina etorkizunean halakorik jazotzen bada ere, mendizaleak eta taldea bera babestuak egotea bultzatu nahi dute modu honetan, bai Andatzatik, baita Gipuzkoako mendi taldeen federaziotik ere. Federaziotik jasotako deialdiari kasu eginez ari da hain zuzen Andatza M.K.T., mendizale guztiak federatzera aholkatzen.

“Orain arte irteeretan federatu eta federatu gabekoak onartzen genituen. Federatu gabe zirenei mendi aseguru berezi bat egiten zitzaien. Federaziotik taldeoi deitu ziguten ohartaraziz, istripu handi bat egonez gero, ardura handia dagoela. Gu musutruk aritzen garela ikusirik, ardura handiak dira horiek. Horregatik uste dugu mendizaleak federatzea sustatu behar dugula”, diote Andatza taldetik.

Mendizaleak federatzea bultzatu nahi dute beraz. Urte honetatik aurrera antolatuko dituzten irteeretan, mendi istripuetarako asegurua izatea ezinbestekoa izango da. Bai mendizale bakoitza, baita antolatzaileak ere edozein ezbeharren aurrean babestuak egon daitezen. “Mendira joatean istripuak izateko arriskua beti hor dago. Beti pentsatzen dugu guri ez zaigula gertatuko. Min hartzean, orduan jabetzen zara mendi asegurua behar dela. Antolatzen ditugun irteeratara datorren jendea ere aseguratua egotea nahi dugu, istripua ere gertatuko balitz, babestuak egoteko. Eta ez bakarrik gurekin ibiltzeko. Azkenean mendian beti dago min hartzeko arriskua. Ez bakarrik Pirinioetan, Andatzan bertan ere gertatu liteke erreskateren baten beharra izatea. Mendian ibiltzeko ohitura duen ororentzako da gomendagarria mendi asegurua”, gogorarazten dute Andatzatik.

Aseguru modalitateak
Haur, gazte, heldu nahiz 65 urtetik gorakoek eskura dezakete federatu txartela. Denentzako derrigorrezkoak diren oinarrizko estaldura du mendi aseguruak. Eta hortik aurrera, aukeran ditu aseguru gehigarriok; Pirinioak, mundu mailako irteerak, espedizioak, eskia, snowa, BTT...

Federatua izatearen abantailak
-Urte osorako mendi istripuetarako asegurua. Aseguruaren barne, erreskateari loturiko gastuak. Tartean, errehabilitazio eta errekuperazioa zentro kontzertatuetan. 
-Gipuzkoako Goi Mendi Eskolak eta beste eskolek antolaturiko ikastaroetan parte hartzeko lehentasunezko tarifak.
-Deskontuak eta prezio bereziak, mendiko babesleku, aterpetxeetan. Baita mendiko materiala saltzen duten hainbat saltokietan.
-Eskalada, mendiko eskia eta mendiko lasterketetan parte hartu eta egutegi ofizialean lehiatuko diren taldeetan aritzeko hautatuak izateko aukera.
-Federazioaren laguntza teknikoa mendi ibilaldietan eta ingurumenean.
-Euskal Mendizale Federazioak argitaratzen duen Pyrenaica aldizkaria doan jasotzeko aukera.

Mendi aseguruaren tramitazioa eta argibideak
Azaroa amaieran ospatu zen Mendi Astean, 2015erako Federatu txartela tramitatzeko aukera egon zen. Txartelik gabe zaudetenok adi ohar hauei. Tramitazio orria andatzamendizale.info web orrialdean eskura dezakezue, “Federatzeko 2015” atalean. Datu pertsonalak bete eta ordainketa egin orrian bertan agertzen den kontu zenbakian. Izen emate orria modu honetan helarazi dezakezue Andatzakoengana:
-Ostegunetan 19:00-19:30 artean, Andatza M.K.T.ren udaletxe ondoko lokalean (DYAren egoitza ohian). Kontzejuzarra 3. Edo bertan dagoen postontzian utzi.
-E-posta: andatza@hotmail.com

Argibide gehiagorako:
-Web orria: andatzamendizale.info (“Federatzeko 2015” atalean).
-Mendi Federazioko web orria: gmf-fgm.org

Andatzakoek ordainketa egina dagoela egiaztatu eta datu pertsonalen orria jasota, Federaziora eramango dute. Une horretatik bertatik, aseguratua egongo da tramitazioa egin duen mendizalea. Federatu txartela aste batzuetara jasoko du. “Animatu mendian ibiltzen den jendeari federatzera”, luzatzen dute gonbita Andatzatik.