Urkullu lehendakaria, Elhuyar Fundazioan bisitari

Noaua Aldizkaria 2015ko urt. 23a, 13:55

Ezohiko mugimendua ostiral goiz honetan, Osinalde industriagunean. Iñigo Urkullu lehendakariak Elhuyar Fundazioa bisitatu du, Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuarekin batera. Ez da ahaztu behar Elhuyar Fundazioaren Patronatuko kide direla, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura saila eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila.

Fundazioaren egoitza ezagutzeko aukera izan dute, bisita gidatua antolatu diete eta Elhuyarrekoek. Fundazioan egin duten berrantolaketa lana eta aurrera begira dituzten erronken berri jaso du Lehendakariak. Aurrez eta adierazpenen tartean, 1972az geroztik egindako lanagatik zoriondu eta eskerrak helarazi nahi izan dizkie lehendakariak Elhuyarreko kideei. "Zientzia eta euskara uztartzeko asmoz jaio zineten eta zuen ibilbidea oparo eta aberasgarria izan da, gure herriaren garapenerako", adierazi du Urkulluk. 

Eta hala izaten segitzea ezinbestekotzat jo du. "Elhuyarren lankidetza ezinbestekoa da, Euskadi, zientzia, teknologia eta berrikuntzan aitzindari izateko", Lehendakariaren esanetan. Elhuyar eremuotako sare kide garrantzitsu eta aktiboa dela aitortu du Urkulluk. Aurrera begira, elkarlanerako prestutasuna adierazi du, herri honen garapena ziurtatzeko berrikuntzan inbertitzea ezinbestekoa dela baitio. Diru partida garrantzitsua bideratu dute alor honetara. 

Zientzia plana gauzatzera
Eusko Jaurlaritzak duela hilabete onarturiko Euskadi 2020 zientzia plana mugarri berezitzat jo du baita, Urkulluk. Plana onartu eta garatzen Elhuyarrek eginiko ekarpena eskertu nahi izan du. Eta plana onartuta, gauzatzeko beharra azpimarratu. "Plana denon artean onartu dugu, baina jakitun naiz, plana papera dela denon artean ez badugu gauzatzen eta garatzen", zioen Urkulluk.

Lehendakaritzara heldu zenetik, ostiral honetakoa Usurbil bisitatzen duen lehen aldia zuen Urkulluk. Urte mordoxka bat atzera egin behar dugu, lehendakari batek herri hau bisitatu zuen azken aldiaz oroitzeko. Juan Jose Ibarretxe lehendakari zen garairaino. Hark ere Elhuyar Fundazioa bisitatu zuen.

Elhuyar
Zientzia eta euskara uztartzeko asmoz sortu zuten Elhuyar 1972an. Kultur-elkarte gisa lehen urratsak egin ostean, fundazio bihurtu zuten 2002an. Euskal komunitate aktibo eta kritikoa helburu izanik, "euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egin dugu lan". Orain, “40 urteko ibilbidea eginda, 2013an, eguneratu egin du xedea, egokitu egin ditu, negozio-unitateak, eta irudi korporatiboa, berriz, aldatu”. Unitateotan dihardute lanean; Zientzia, Hizkuntza eta Teknologia, Aholkularitza eta Komunikazioa unitateetan. Dauden arloetan sendotu eta “indarrez datozen arlo berriak irabazi” nahi dituzte, “euskal gizartearen erreferentziazko gune bihurtu, eta Euskal Herritik kanpo dugun kokapena hobetu”.