Aste eta erdi baino ez da geratzen Santa Ageda bezperarako. Otsailaren 4ko ekitaldiak prestatzeko lanak martxan dituzte Zubietan. Ostiral honetarako entsegu saioa deitu dute, iluntzeko 19:00etan Kaxkapen. Bertatik, Kaxkapetik abiatuko da, Santa Ageda bezperako eskea otsailaren 4an, 18:30etan. Zubieta Lantzen taldekoek antolatu dituzte deialdiok eta baita, eskea amaitu osterako afaria ere. Zubietako Elkartean ospatuko dute otordua.
Ikasleen eskea, Usurbilen
Otsailaren 4an berriz ere usadio zaharrak berritzera irtengo dira Udarregi Ikastolako ikasle eta irakasleak. Santa Ageda bezperan, baserritar jantziekin eta makilak eskutan abesten ikusiko ditugu herri erdigunean barrena, HH, LH eta DBHkoak. Bakoitzak bere ibilbidea osatuko du, 14:45-16:30 artean. HH eta LHkoek, arratsaldeko 16:00ak aldera frontoian amaituko dute kalejira.