6 erakusleiho berri ditu, Usurbilgo merkatal guneak

Noaua Aldizkaria 2015ko urt. 28a, 11:34

Pizzeria, zapata denda edota bidaia agentzia bat... Herrian falta ditugun negozioetako batzuk dira. Hala gogorarazten digute, Usurbil erdigunean ditugun sei erakusleiho berriek. Iruditan dituzue. Itxita dauden sei lokal apaindu ditu Udalak, "Usurbil Zabalik" egitasmoaren baitan.

"Usurbil Zabalik"
Itxita dauden lokal komertzialetako erakusleiho eta fatxadak apaintzeko diru-laguntza deialdia egin zuen Udalak udazkenean. Merkataritza irudia hobetu, jarduera berriak zabaltzeko aukera eskaini, herri merkataritza sustatu nahi zen, "Usurbil Zabalik" izeneko proiektu honen bidez. Udal diru-laguntza deialdi hau, itxita dauden lokal komertzialetako jabeei zuzendua zegoen. 

Deialdi honetara aurkeztu eta apaintzeko aukeratuak izan diren sei lokalak dituzue argazkitan. Apaintze lanak joan den aste amaieran bukatu zituzten. Gastuak, Udalak Eusko Jaurlaritzatik jasotako diru-laguntzarekin ordainduko dira.