Gorantz doa urtez urte Buruntzaldea mailan, gidabaimena euskaraz ateratzeko hautua egiten duten gazteen kopurua. Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte, Urnieta eta Usurbilgo Udalek duela bost urte, 2010ean autoeskoletako jarduna euskalduntzeko egitasmoa abiatu zenetik, ia laukoiztu egin da, gidabaimenaren zati teorikoa euskaraz prestatu eta azterketa teorikoa ere hizkuntza berean egin duten herritarren kopurua. Ikusi, eguerdian Hernaniko Biteri kultur etxean egitasmo honetan parte hartzen ari diren auto eskola eta udal ordezkariek aurkeztu dituzten datuak. Honakoa da 2010etik 2014ra, Buruntzaldea mailan gidabaimenaren zati teorikoa euskaraz gainditu duten ikasleen zenbatekoa:
2010: 34.
2011: 60.
2012: 112.
2013: 135.
2014: 140.
Erronka, zati praktikoa ere euskalduntzea
Emaitzak eskutan, Buruntzaldeko udal ordezkariak pozik dira duela bost urte abiaturiko egitasmoarekin. Baina eguerdian Hernaniko Biteri kultur etxean egindako agerraldian adierazi dutenez, proiektua osatu nahi dute; gidabaimenaren zati praktikoa ere euskaldundu nahi dute. Horretarako, eragile gehiagoren, beste udalerrien, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa biltzen saiatu nahi dute. Maiatzean abiatuko dute autoeskolak euskalduntzeko 2015eko kanpaina berria. Egitasmoko sustatzaileek, orain arteko arrakastarekin jarraitzea espero dute.
Ane Bengoetxea Artetxe, sarituen artean
Gidabaimena euskaraz ateratzea sustatzeko kanpainan Buruntzaldeko sei udalek parte hartzen dute. Baita eskualdeko auto eskola hauek ere; Andoaingo Bengoetxeak eta Mendik, Astigarragako Otamendik, Hernaniko Hernani, Lagunak eta Otamendik, Lasarteko Izarra, Lasarte eta Mugicak eta Urnieta zein Usurbilgo Solozabalek.
Aurreko urteetan bezala, 2014an gidabaimenaren zati teorikoa euskaraz prestatu, azterketa euskaraz egin eta gainditu zuten ikasleen artean zozketa egin da. Udalerrika, udalerri bakoitzak dituen auto eskola kopuru adina sari banatu dituzte. 400 euroko 11 sari guztira. Usurbilen auto eskola bakarra dugunez, saritu bakarra izan dugu; Ane Bengoetxea Artetxeri tokatu zaio, 400 euroko saria. Zorionak!
Hemen Buruntzaldeko 11 sarituen zerrenda:
Andoain:
-Mendi: Andoni Alonso Lazkano.
-Mendi: Irati de la Revilla Otamendi.
Astigarraga:
-Otamendi: Paula Leonet Calvo.
Hernani:
-Hernani: Irati Celaya Azurmendi.
-Otamendi: Maddi Aranburu Gonzalo.
-Otamendi: Oihane Zalacain Gonzalez.
Lasarte:
-Mugica: Alex Altuna Egitegi.
-Mugica: Asier Balerdi Erauntzetamurgil.
-Mugica: Xabier Mitxelena Lopetegi.
Urnieta:
-Mugica Autoeskola: Paula Fernandez Vizcar.
Usurbil:
-Solozabal: Ane Bengoetxea Artetxe.