"Negu gorria" omen datorkigu datozen egunotan. Denboraleak asteartera arte iraun omen dezake. Hala diote iragarpenek. Inguruotan euria barra-barra egingo omen du. Ostegun gauerdi honetatik aurrera, alerta laranjan egongo gara. Eta iganderako, otsailaren lehenerako, elurra behe samarrean ari dira iragartzen. Usurbil Kaxkoan ez, baina Andatza gainean eta beherago ere elurra egin omen dezake. 100-200 bat metrotaraino jaitsi daiteke elur maila zenbait lekutan, otsailaren lehenean.
Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, hona hemen, ostegun eguerdi honetatik indarrean egongo diren abisu eta alertak:
Alerta laranjan, prezipitazio iraunkorragatik
Urtarrilak 29, osteguna
12:00-00:00 Abisu horia prezipitazio iraunkorragatik. 24 ordutan, metro karratuko 60 litro baino gehiago pilatzeko aukera. "Prezipitazio txiki-ertaina egingo du, sarriago eta ugariago egunaren bigarren partean, kantauri isurialdean eta ekialdean".
Urtarrilak 30-31 ostiraletik larunbatera
Ostegun gauerdi honetatik larunbat eguerdiko 12:00ak arte: alerta laranja prezipitazio iraunkorragatik.
-Ostiralean: "Baliteke 24 ordutan 80 l/m2 baino gehiago pilatzea kantauri isurialdeko zenbait tokitan. Prezipitazio ertaina, iraunkorra eta oso ugaria egingo du, bereziki kantauri isurialdean, bertan baliteke zenbait lekutan handia izatea. Gauean trumoi-ekaitza bota dezake".
-Larunbatean: 12:00ak arte, "prezipitazio txiki-ertaina eta iraunkorra egingo du, ugariagoa kantauri isurialdean. Trumoi-ekaitzak jo eta txingorra botako du". 12:00etatik gauerdira, "baliteke 24 ordutan 60 l/m2 baino gehiago pilatzea kantauri isurialdeko zenbait tokitan. Prezipitazio txiki-ertaina eta iraunkorra egingo du, ugariago kantauri isurialdean. Trumoi-ekaitzak jo eta txingorra botako du".
-Larunbatean, 12:00-00:00 artean: abisu horia, prezipitazio iraunkorragatik. "Baliteke 24 ordutan 60 l/m2 baino gehiago pilatzea kantauri isurialdeko zenbait tokitan. Prezipitazio txiki-ertaina eta iraunkorra egingo du, ugariago kantauri isurialdean. Trumoi-ekaitzak jo eta txingorra botako du".
Abisu horian, haizeagatik
-Ostegun eguerdiko 12:00etatik ostiral goizeko 9:00ak arte, abisu horia haizeagatik. "Haizeguneetan 100 kilometro orduko abiadura gainditu dezakete mendebal/ipar-mendebaldeko haize boladek. Haizeguneak ez diren lekuetan, 80 kilometro orduko abiadura".
-Larunbatean, 12:00-00:00 artean: abisu horia haizeagatik. "Haizeguneetan 100 kilometro orduko abiadura gainditu dezakete mendebal/ipar-mendebaldeko haize boladek. Haizeguneak ez diren lekuetan, 80 kilometro orduko abiadura".
Iragarpenak hala dio:
Urtarrilak 29, osteguna
"Eguerditik aurrera traza iluna hartuz joango da eguraldia; mendebaldeko haizea zakartuko eta euria denera zabalduz eta ugarituz joango da. Goizeko lehen orduetan hodeitza tarteka saretu samar agertuko da eta ateri eutsiko dio. Gerora ordea, hodeiak ugarituz joango dira, zerua estalita gelditu arte eta arratsaldeko lehen orduetan euritara joko du. Euria lurralde osora zabalduz eta ugarituz joango da eta eguna amaitzerako barra-barra eta etengabe botako du, bereziki kantauri isurialdean. Haizeari dagokionez, mendebaldeko haizeak goizean tarteka hego-ukitua hartuko du, baina eguerditik aurrera ipar-mendebaldetik finkatu eta zakartuz joango da; boladaka indartsu joko du, bereziki kostaldean. Momentuz, tenperatura nahiko leunekin jarraituko dugu".
Urtarrilak 30, ostirala
"Euria barra-barra eta etengabe. Euria iraunkorra izango da eta ugari egingo du; kantauri isurialdeko hainbat zonaldetan pilatutako litro kopuruak esanguratsuak izango dira. Elur-maila 1200-1400 m artean kokatuko da eta gauean 1000-1100 metrora jaitsiko da. Ipar-mendebaldeko haizea oso zakar ibiliko da, kostaldean eta Ebro bailaran bereziki, eta haize-bolada gogorrenek 100 km/h-ko abiadura gainditu dezakete haizeguneetan. Arratsaldean zehar haizeak indarra galduko du. Tenperaturak behera egingo du apur bat iparraldean eta hegoaldean ez da aldaketa handirik espero".
Urtarrilak 31, larunbata
"Negu gorriko eguraldia. Zerua ilun agertuko da eta zaparradak erruz botako ditu. Noizbehinka zaparrada trumoitsuak botako ditu eta txingorra ere egin dezake, kantauri isurialdean batez ere. Egunak aurrera egin ahala, elurra mendietatik jaisten joango da; goizaldean 1100 m-tan kokatuko da elur-maila, azken orduetan 600-800 m inguruan kokatuz, ekaitz eremuetan 500 m-ra jaitsi litekeelarik. Ipar/ipar-mendebaldeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin kostaldean eta mendi inguruetan. Tenperatura maximoak nahikoa jaitsiko dira eta 6-12 ºC-ren artean ibiliko dira".
Informazio eguneratua: euskalmet.net