Aho batez onartu du udalbatzak, astearte honetan burutu den osoko ohiko bilkuran. Udalak 1999an onartua zuena ordezkatuko du. Hain zuzen, 16 urte igaro dira plan hura indarrean jarri zutenetik. Zaharkitua geratu dela gogorarazten zuen Mertxe Aizpurua alkateak, duela bi eguneko osoko bilkuran. Eta eguneratzeko beharra zegoela. Orduko hartan bezala, plan berri hau ere Teknimap enpresak diseinatu du.
Planak, larrialdi egoeretan, ondasun eta pertsonak babesteko araudia, abiatu beharreko mekanismoak, eta erabili beharreko baliabideak zeintzuk diren jasotzen du. Besteak beste, alarma egoeretan, Krisi Mahaia nola eratu, jarraibideak zehazten dira, larrialdi zerbitzuekin koordinazio lana nola bideratu behar den, udalerrian sute edo uholde arriskua izan ditzaketen eremuak zeintzuk diren zehazten dira, larrialdi egoeretarako materiala nola mantendu behar den, prebentzioa...
Derrigorrezkoa ez, baina bai gomendagarria
Alkateak argitu zuenez, izatez, 20.000 biztanletik gorako udalerriak plan hau izatera derrigortuak daude. Honenbestez, Usurbil ez legoke halako egitasmo bat izatera behartua. Baina egia da bestalde, antza, 5.000 biztanletik gorako udalerriei halako plan bat izatea aholkatzen zaie. Eta aholkuari jarraituz berritu dute Usurbilgo Larrialdietarako Udal Plana.
Plan berria, "urtero errebisatuko da: bitarteko berriak zehaztu, telefono zenbaki berriak jarri, arrisku eta elementu ahulak eguneratu, krisi-mahaia berritu... Eguneratze hauek Alkateak onartuko ditu". Bestalde, "ohiz kanpoko berrazterketak, izandako esperientziek edo arauen nahiz antolaketaren aldaketek planaren funtsezko alderdiak ukitzen dituztenean, behar direnean burutuko dira eta plenoak onartuko ditu". Usurbilgo Udalak onarturiko larrialdietarako plana, Babes Zibilerako EAEko Batzordera bidaliko dute, "udal plana homologa dezan".