Ika-mika handia eragiten ari da azken hilabete hauetan, "RGI"-a kobratzen duten herritarrei Lanbidek bidali dizkien gutunak. Gutun horietan, Lanbideren esanetan, modu okerrean kobratutako diru-laguntzaren zati bat, handiagoa edo txikiagoa kasu bakoitzaren arabera, itzultzea eskatzen zaie milaka herritarrei. Kaltetuek plataforma bat sortua dute. Plataforma honetako kide da Victoria Angeles Molina herritarra. Gai honi buruzko mozioa aurkeztu zuen, asteartean egin zen osoko ohiko bilkuran. Aho bateko babesa eman zion udalbatzak.
Lanbideren kudeaketa txarra salatu zuen, eta itzuli beharreko dirua ordaintzeko modu arrazoizko bat adostea eskatu. Ordaindu ahal duten kopurua negoziatu ahal izatea defendatu zuen. Lanbideri erreferentzia eginez, zioenez, egin direnak "okerreko ordainketak dira, ez okerreko kobratzeak". Egoera, Lanbideren kudeaketa txarrari egotzi zion. Molinaren esanetan, 86.000 familia daude bere egoera berean, Lanbidek gutun bidez eginiko eskaerak gauzatzen badira, gizartetik at geratzeko arriskuan daudenak.
Usurbilgo bizilagunak aurkezturiko mozioak, Udalak Jaularitzari bideratu beharreko zenbait eskaera biltzen ditu. Laburbilduz:
-"Jendaurrean barkamena eskatzeko eta argitzeko zorra Lanbidek sortu duela".
-"Lanbidek eragindako ordainketa okerrak ez kobratzeko... errentaren hartzaileak ezingo balu bizitza duin bat egin".
-"Errespetatzeko eta betetzeko errentaren hartzaileekin... berme juridiko eta legal beharrezkoak".
-"Lanbidek eragindako okerreko ordainketek eragin duten egoera tamalgarriari azkena emateko, bere jarrera zuzentzeko eta jarraitu beharreko prozedura bideratzeko lehenbailehen".
-"Behar bezala betetzeko bere obligazioak".
-"Indartzeko gizarte-babeseko politikak".
Mozioa bere osotasunean, hemen: