Erraustegia %35 gaindimentsionatua legoke, Gipuzkoako egungo hondakinen kudeaketa ereduarekin

Noaua Aldizkaria 2015ko urt. 29a, 14:45

260.000 tona zabor tratatzeko planifikatu zen garai batean, Zubietako errauste planta. Gipuzkoako hondakinen kudeaketaren egungo errealitatea aintzakotzat hartuta ordea, herrialdeak ez luke balizko erraustegi horretarako nahikoa zabor sortuko. Hala diote, Foru Aldundiak aurkeztu dituen 2014ko datuek. Iaz, 171.830 tona erreus garraiatu ziren zabortegira. Errauste planta, 260.000 tona zabor tratatzeko diseinatua zegoen. 

Nabaria da, 2007tik 2014ra errefus kopuruan eman den beherakada. Neurri handi batean, argi denez, azken bost urteotan, gaikako bilketa sustatzeko Gipuzkoan zehar abiatu diren esperientziei esker. Erreusak zazpi urteetan, 276.038 tonatik 171.830 tonara murriztu den artean, organikoaren bilketak izugarri egin du gora. 2008an 383 tona biltzen ziren Gipuzkoa osoan, etxeetan. Iaz, 25.362 tona. Amaitzear den legegintzaldi honetan, bildutako organiko kopurua laukoiztu egin da. 2011n 5.954 organiko tona bildu ziren. Iaz, 25.362 tona. Gipuzkoan hondakinen kudeaketan eman den aldaketa nabarmena, zenbakitan, Foru Aldundiak kaleratu dituen beheko grafikoetan duzue. 

"Zubietako erraustegiaren kontratua etetea, erabaki zuzena"
Datuok, Iñaki Errazkin ingurumen diputatuak aurkeztu ditu. Bere esanetan, "berretsi egiten dute zuzena izan zela Zubietako erraustegiaren kontratua eteteko erabakia". Gaineratu duenez, "kopuru horiekin, erraustegia %35 dago gaindimentsionatuta. Baina kontuan hartzen badugu 2016rako errefusa aldez aurretik TMB plantara eramango dela, benetako beharra baino lau aldiz handiagoa izango litzateke erraustegia; 75.000 tona errefus izango lituzke-eta Gipuzkoak. Erraustegia martxan egongo balitz, Gipuzkoak proiektu defizitario bat kudeatu beharko luke. Agintaldi hasieratik esan genuen: erraustegia gaindimentsionatuta zegoen. EAJk eta PSEk kritikatu egin gintuzten horregatik, baina gaur egun beraiek ere onartzen dute gaindimentsionamendua".

Birziklatzearen aldeko apustua berretsi du, eta eskerrak eman dizkie edozein sistemarekin materia organikoa gaika biltzen duten milaka gipuzkoarrei. Tartean, usurbildarrei noski. 


Grafikoak: Gipuzkoako Foru Aldundia.