Alerta laranjan euriteengatik, larunbat eguerdira arte

Noaua Aldizkaria 2015ko urt. 30a, 13:35

Gainean dugu, azken egunotan iragarri duten ekaitza. Ikusteke dago gogor joko ote duen. Halere, azken orduotako euri zaparradak nabari dira jada errioan. Oria hazita zetorren ostiral goiz honetan. Zubietako Aliri zubian atera ditugun argazkietan, Babiloni pareko lur sailetara heldua zen ura. Oraingoz halere, hazita bai, baina puntu zehatz hauetan kenduta, bere bidetik doa Oria inguruotan.

Gainerakoan, errepidea bustita, adi beraz autoa hartu behar izanez gero. Alerta laranjan egongo gara eta larunbat eguerdira arte, "prezipitazio iraunkorrengatik". Eta asteburuan zehar abisu horian, haizeteengatik. Igandean adi elurrari. Andatza gaina zuritua esnatu daiteke, eta goizean zehar elurra beherago ere egin dezake, 100-200 metrotan. Uholde arriskuagatik Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak Larrialdietarako Plana indarrean jarri du, alerta fasean. 



Alerta laranjan euriteengatik
Urtarrilak 30-otsailak 1, ostiraletik igandera
Larunbat eguerdiko 12:00ak arte: alerta laranja prezipitazio iraunkorragatik.

-Ostiralean: "Baliteke 24 ordutan 80 l/m2 baino gehiago pilatzea kantauri isurialdeko zenbait tokitan. Prezipitazio ertaina, iraunkorra eta oso ugaria egingo du, bereziki kantauri isurialdean, bertan baliteke zenbait lekutan handia izatea. Gauean trumoi-ekaitza bota dezake".

-Larunbatean: 12:00ak arte, "prezipitazio txiki-ertaina eta iraunkorra egingo du, ugariagoa kantauri isurialdean. Trumoi-ekaitzak jo eta txingorra botako du". 12:00etatik gauerdira, "baliteke 24 ordutan 60 l/m2 baino gehiago pilatzea kantauri isurialdeko zenbait tokitan. Prezipitazio txiki-ertaina eta iraunkorra egingo du, ugariago kantauri isurialdean. Trumoi-ekaitzak jo eta txingorra botako du".

-Larunbatean 12:00etatik, igande arratsaldeko 18:00ak arte: abisu horia, prezipitazio iraunkorragatik. "Baliteke 24 ordutan 60 l/m2 baino gehiago pilatzea kantauri isurialdeko zenbait tokitan. Prezipitazio txiki-ertaina eta iraunkorra egingo du, ugariago kantauri isurialdean. Trumoi-ekaitzak jo eta txingorra botako du".

Abisu horian, haizeagatik
-Larunbat eguerdiko 12:00etatik igande arratsaldeko 18:00ak arte: abisu horia haizeagatik. "Haizeguneetan 100 kilometro orduko abiadura gainditu dezakete mendebal/ipar-mendebaldeko haize boladek. Haizeguneak ez diren lekuetan, 80 kilometro orduko abiadura".

Astebururako iragarpena
Urtarrilak 30, ostirala
"Gaur euria eta haizea hizpide izango dira. Euria etengabe eta ugari egingo du, kantauri isurialdean bereziki, bertan litro dezente pilatuko baitira. Ipar-mendebaldeko haize gogorra ibiliko da eta giro ezatsegina sortuko du; boladarik gogorrenak kostaldean eta Ebro bailaran espero dira. Iparraldean tenperatura maximoak jaitsi egingo dira, barnealdean aldiz, berdintsu jarraituko dute. Egunaren amaieran elur-kota 1100 metrora egongo da".

Urtarrilak 31, larunbata
"Larunbatean giro traketsarekin jarraituko dugu eta gainera tenperatura jaitsi egingo da. Zaparradak edonon botako ditu eta ugariak izango dira, noizbehinka ekaitza lehertu eta txingorra egingo du. Hegoaldean euria ez da hain ugaria izango. Ipar-mendebaldeko haizeak zakar joko du berriro, tenperatura jaitsi egingo da eta berarekin, elur-kotak ere behera egingo du: goizaldean 1000 m-ra egongo da, arratsaldean 600 metro inguruan eta egunaren amaieran 300-400 metrora, baina 100-200 m-ra ere elurra bota dezake ekaitz-eremuetan".

Otsailak 1, igandea
"Igandean giro hotzagoa espero da eta elurra maila baxuetan egingo du. Zaparrada mardulak botako ditu berriro ere, bereziki ipar partean. Bertan trumoi-ekaitzak botako ditu eta txingorra ere izango da. Elur-kota 300-400 m inguruan egongo da, baina goizean, ekaitz eremuetan 100-200 m-ra zuritu dezake. Gauean, elurra 500-600 m-tik gora baino ez du botako. Ipar-mendebaldeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin kostaldean eta mendi inguruetan. Giroa beraz, hotza izango da eta maximoak barnealdean nekez iritsiko dira 2-3 ºC-ra eta 5-7ºC-ra kostaldean".

Informazio eguneratua: euskalmet.net