Alerta laranjatik abisu horira igaro gara

Noaua Aldizkaria 2015ko urt. 31a, 10:25

"Prezipitazio iraunkorragatik" ostegun gauerditik indarrean zegoen alarma laranja bertan behera geratu da jada. Eguerdiaz geroztik, abisu horiaren eraginpen egongo gara; prezipitazio iraunkorragatik, igande arratsaldeko 18:00ak arte. Eta abisu horian baita, haizeteengatik, igande eguerdiko 12:00ak arte.

Gogoan izan bestalde, elur mailak behera egingo duela datozen orduotan. Gerta liteke, iragarpenak betetzen badira, igande goiz honetan Andatza gaina zurituta esnatzea. Baita zenbait lekutan, elurra beherago botatzea ere. 100-200 metrotara jaitsi liteke elurraren maila. 



Abisu horian, euriagatik
Urtarrilak 31-otsailak 1, larunbatetik igandera
-Larunbatean 12:00etatik, igande arratsaldeko 18:00ak arte: abisu horia, prezipitazio iraunkorragatik. "Baliteke 24 ordutan 60 l/m2 baino gehiago pilatzea kantauri isurialdeko zenbait tokitan. Prezipitazio txiki-ertaina eta iraunkorra egingo du, ugariago kantauri isurialdean. Trumoi-ekaitzak jo eta txingorra botako du".

Abisu horian, haizeagatik
-Larunbat eguerdiko 12:00etatik igande arratsaldeko 12:00ak arte: abisu horia haizeagatik. "Haizeguneetan 100 kilometro orduko abiadura gainditu dezakete mendebal/ipar-mendebaldeko haize boladek. Haizeguneak ez diren lekuetan, 80 kilometro orduko abiadura".



Euria, egun gehiagotarako
Urtarrilak 31, larunbata
"Negu beteko eguraldia. Zaparradek gaur jarraipena izango dute, baina atzo baino gutxiago botatzea espero da. Aire hotza sartuz joango denez ekaitzak jo eta txingorra ere bota dezake, aukera handiagoarekin ipar partean. Giroa hozten joango da eta ondorioz elurra gero eta maila baxuagoan ikusiko dugu. Goizean 700-800 m-ra jaitsiko da, eguerdirako 600 metroan elur zaparradak bota ditzake eta arratsaldeak aurrera egin ahala, maila nahiko baxuetara jaitsiko da 400 m-ra, ekaitz momentuetan 300 m-ra ere bai. Beraz arratsaldeak aurrera egin ahala Euskal Herriko txoko askotan elurra ikusiko dugu, batez ere Araban eta Nafarroan".

Otsailak 1, igandea
"Igandean negu gorriko eguna espero dugu, elurra 300-400 m-tan eta zaparradak edonon botako baititu. Egunaren lehenengo partean zaparrada erruz botako ditu, kantauri isurialdean bereziki eta noizbehinka ekaitzak joko du, txingorrarekin batera. Egunaren lehenengo partean elur-kota 300-400 metrora egongo da, ekaitz momentuetan 100-200 m-ra jaitsi daitekeelarik; arratsaldetik aurrera elur-kotak gora egingo du eta gauean 500-600 metrora egongo da. Ipar-mendebaldeko haizeak gogor joko du oraindik eta tenperatura nabarmen jaitsiko da, maximoak 2-4ºC-ren bueltan ibiliko dira barnealdean eta 6-8 ºC-ren inguruan kostaldean. Araban eta mendi inguruetan izotza botako du.

Otsailak 2, astelehena
"Astelehenean tenperatura igoko da baina giro ezegonkorra mantenduko da. Zerua oso hodeitsu egongo da eta oro har, goizean euri txikia egingo du. Orduan elur-kota 500-600 m-ra egongo da. Arratsaldean eta gauean prezipitazioak ugaritu egingo dira eta elur-kota 1000-1200 m-ra igoko da gauean. Hego-mendebaldeko haizeak indarra hartuko du, bolada gogorrekin eta egunaren amaieran ipar-mendebaldera finkatuko da, bolada oso gogorrekin. Tenperatura maximoak 11-13 ºC-ra igoko dira kostaldean eta 5-8 ºC-ra barnealdean".

Informazio eguneratua: euskalmet.net