Zubietako Aliri zubi buelta, denboraleak gogorren kolpatu duen zonaldea

Noaua Aldizkaria 2015ko urt. 31a, 11:50

Okerrena pasa omen da. Errioa bere bidera itzultzen ari da pixkanaka. Ur emaria jaisten doa. Oriak bart zuen itxurarekin zer ikusirik ez. Azken orduotan botatako euri zaparraden ondorioz, atzo bazkalostetik gorantz egin zuen errioko ur emariak. Eta nola gainera, etengabe egin baitzuen euria atzo. Ibaiak gainezka egin arte. Arratsalde, iluntze partetik aurrera egoera okertzen joan zen. Errioa bere bidetik atera zen ohiko puntuetan; Aginaga, Txokoalde eta Santuenea inguruko erriberetan esaterako. Zalantzarik gabe, oraingoan, arazo gehien sortu duen zonaldea ordea, Zubietako Aliri zubi ingurua izan da. Iluntzean, zubia eta zubia zeharkatzen duen herri bidea itxi behar izan zuten, errioak gainezka egin eta bide zati bat urpean geratu ostean.

Txikierdi-Zubieta bidea irekita
Kezka zen baita, errio izkinetan bizi diren herritarren artean, Santuene edota Txokoalde inguruan. Etxe ataritik gertu izan dute ura bart. Badirudi ordea, gauean euri gutxiago egin duenez, horri esker, goiz parte honetan egoera bareago zela esnatu gara. Azken orduotako denboraleak begi bistako ondorioak utzi ditu errio bazterretan. Atzo iluntzetik itxita egon da gaur goizera arte, Txikierdi Zubietarekin lotzen zuen herri bidea. Bart, Oriak gainezka egin eta Aliri zubitik Zubieta Kaxkora doan bidearen eremua urpean geratu zen. Esandakoa, gaur goizera arte, herri bide hau itxita egon da. Goizean goizetik brigadako langileak gogor aritu dira garbiketa lanetan. Goiz erdirako zabalik zen berriz.