Beste denborale bat dator asteartean

Noaua Aldizkaria 2015ko ots. 2a, 11:02

Txingorra, euria, haizea... Denetarik ekarri digun asteburuko denboralea pasa da. Oria ere bere bidetik dator berriz. Iragarpenek diotenaren arabera ordea, ez digu askorik iraungo astelehen honetako lasaitasun egoera honek. Gutxienez ostiralera arte iraun dezakeen beste denborale bat dator asteartean. Ekaitza, txingorra eta elurra behe samarrean egingo omen du.

Asteazkenean 100-200 metrora jaitsiko omen da berriz elur-kota. Itsas mailan ere elurra egin omen dezake. Euskal kostaldean, "bereziki ekialdean". Elurragatik hain zuzen alerta laranjan egongo gara berriz astearte gauerdik eta 24 orduz, asteazken osoan. Asteazken "goizetik aurrera, 100 m inguruan egongo da, eta noizean behin itsasmailan, bereziki ekialdean. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu, sarriago kantauri isurialdean, bereziki mendebaldean. Trumoi-ekaitzak izango dira eta txingorra egingo du, batez ere kantauri isurialdean", dio Euskalmet-ek. 200 metrotan, 2-15 cm arteko elur lodiera aurreikusten dute 200 metrotan. Asteazken osoan baita, tenperatura baxuengatik abisu horiaren eraginpean egongo gara.

Asteburuko denboraleak utzitako arrastoak iruditan: 2015eko lehen denboralea

Otsailak 2, astelehena
"Gaur fronte bero bat inguratuko zaigu, hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, eta elur-mailak gora egingo du. Zeruak estalita jarraituko du eta prezipitazioa espero dugu goizeko lehen orduetan, baina goizean eta eguerdian apenas egingo duen ezer. Gauean berriro ere fronteak prezipitazioa ekarriko digu. Elur-maila igo egingo da; goizaldean 500-600 m inguruan egongo da, baina gauean 1000-1100 m ingururaino igoko da. Goizean hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin, baina azken orduetan iparraldera aldatuko da kostaldean. Tenperatura altuenak 10-12 ºC artekoak izango dira kostaldean, eta 8 ºC ingurukoak barnealdean".

Otsailak 3, asteartea
"Bihar eguraldiak okerrera egingo du, eta nahiko beheran espero dugu elurra. Zaparradak botako ditu, tarteka trumoiak jo eta txingorra ere egingo du, bereziki kantauri isurialdean, goizean eta azken orduetan; arratsaldean aterrune luzeak izango ditugu. Iparraldeko haize zakarra ibiliko da goizean, eta arratsaldean hegoaldera egingo du. Elur-maila oso bizkor jaitsiko da; goizaldean 700-800 m inguruan egongo da, goizean 500 m ingurura, eta azken orduetan baliteke 300 m-a jaistea. Tenperatura altuenak 4-5 ºC ingurukoak izango dira barnealdean, eta 7-9 ºC ingurukoak kostaldean".

Otsailak 4, asteazkena
"Asteazkenean hotz handia eta elurra 100-200 m inguruan. Zerua oso hodeitsu egongo da eta zaparrada txiki-ertainak botako ditu, sarriago kantauri isurialdean. Bertan trumoi-ekaitzak espero ditugu, eta txingorra ere egingo du. Elur-kota 100-200 m inguruan egongo da, eta kostaldean ere elurra egin dezake, bereziki ekialdean. Iparraldeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin kostaldean eta mendi inguruetan. Giro hotza izango da; tenperatura balio altuenak nekez iritsiko dira 2 ºC-ra barnealdean, eta 5-6 ºC-ra kostaldean. Barnealdean izotza egingo du".

Informazio eguneratua: euskalmet.net