Elurra, noiznahi eta nonahi egin dezake egunotan

Noaua Aldizkaria 2015eko otsailaren 3a

Astearte goiz honetan elurretan bota duena, datorrenaren aperitibo modukoa izan da. Hala diote behintzat iragarpenek. Astearte gauerdi honetatik aurrera, elurragatik alerta laranjan egongo gara hiru egunez. Eta abisu horian, tenperatura baxu eta izotzagatik. Egunotan, nonahi zuritu dezake. Hemen ingurotan indarrean izango ditugun abisu eta alertak:

Otsailak 4, asteazkena
00:00-24:00 Alerta laranjan elurragatik: "Elur-kota goizaldean 200-400 m-ra egongo da; goizean goiz 100 m-ra jaitsiko da, noizean behin itsasmailara, bereziki ekialdean. Prezipitazio txikia egingo du, zenbait lekutan ertaina, sarriago kantauri isurialdean, bereziki mendebaldean, goizean eta arratsaldean. Trumoi-ekaitzak izango dira eta txingorra egingo du, batez ere kantauri isurialdean. Aurreikusitako lodierak: 5-30 cm 600 m-ra; 2-15 cm 200 m-ra".
00:00-24:00 Abisu horian, muturreko tenperatura baxuak/izotzagatik.

Otsailak 5, osteguna
00:00-24:00 Alerta laranjan elurragatik: "Elur-kota 100 m-ra egongo da, noizbehinka itsasmailan, bereziki ekialdean. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du, sarriago kantauri isurialdean, bereziki mendebaldean eta egunaren bigarren partean. Trumoi-ekaitzak izango dira eta txingorra egingo du, batez ere kantauri isurialdean. Aurreikusitako lodierak: 5-25 cm 600 m-ra; 2-12 cm 200 m-ra.
00:00-24:00 Abisu horian, muturreko tenperatura baxuak/izotzagatik.



Iragarpena
Otsailak 3, asteartea
"Atzo eguraldiak atsedenaldi bat eskaini zigun, baina gaur berriro ere hoztera egingo du. Zaparradak botako ditu goizeko lehen orduetan, eta baliteke trumoiak jo eta txingorra egitea kantauri isurialdean. Dena den, goizak aurrera egin ahala atertzera egingo du, eta eguerdian eta arratsaldean baliteke ostarte batzuk irekitzea. Tenperatura dezente jaitsiko da, eta elur-maila ere bai, 200-400 m inguruan egongo da. Ipar-mendebaldeko haize zakarra ere baretu egingo da, eta arratsaldean ekialdera egingo du".

Otsailak 4, asteazkena
"Bihar elur-maila 100 m ingurura jaitsiko da. Eguraldi traketsa espero dugu oso. Zaparradak botako ditu noiznahi, batez ere kantauri isurialdean, eta litekeena da tarteka trumoiak jo eta txingorra egitea, bereziki mendebaldean. Elur-kota 200-400 m inguruan egongo da goizaldean, baina goizak aurrera egin ahala 100 m-ra jaitsiko da, eta noizean behin baliteke itsasmailara ere jaistea, bereziki ekialdean. Iparraldeko haizea bizi ibiliko da, bolada gogorrekin kostaldean eta mendi inguruetan. Giro hotza; barnealdean 2 ºC-ra nekez iritsiko da termometroa, eta kostaldean 5-6 ºC ingurura. Barnealdean izotza egingo du".

Otsailak 5, osteguna
"Ostegunerako ez dugu aldaketarik espero. Hotz handia egingo du denean; barnealdean ez ditugu 0 ºC-ak gaindituko, eta kostaldean ere altuenak 3-6 ºC artekoak izango dira. Zerua goibel egongo da, eta zaparradak botako ditu, kantauri isurialdean mardulak, bereziki mendebaldean. Gainera, baliteke trumoiak jo eta txingorra egitea kantauri isurialdean. Elur-kota 100 m inguruan egongo da, eta baliteke itsasmailara jaistea, bereziki ekialdean. Iparraldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin kostaldean eta mendi inguruetan. Ebro ibarrean ziertzoa zakar ibiliko da".

Informazio eguneratua: euskalmet.net