Ziortzak apirilean ospatuko ditu, betetako 30 urteak

Noaua Aldizkaria 2015ko ots. 3a, 10:25


2015a ospakizun urtea izango da Ziortza Gazte Elkartekoentzat. Hiru hamarkada bete berri dituzte, ehunka gazteei aisialdi tarte bat eskaintzen. Sare sozialen bidez, urteurreneko mezu berezi hau zabaldu dute azken egunotan. "1985. urtean, gaur bezalako egun batean, Usurbilen gazte kuadrila bat bildu zen Ziortza Gazte Elkartea sortzeko asmoz. Ordutik, 30 urte pasa dira eta hementxe jarraitzen dugu jende berriak, indar eta ideia berriekin. Hala ere, familiez osaturiko familia erraldoi hau ez zen posible izango zu(ek) gabe, ZORIONAK eta ESKERRIK ASKO beraz!!".

Urteurrena bistaratu nahi izan digute. Apaiz etxeko balkoian 30. urteurreneko pankarta bat eseki dute. Sare sozialetan, urtemuga berezi honetarako sortu duten irudi berria ere erakusgai jarri nahi izan dute. Zorionak!



Ziortzaren 30. urtemugako agiria

Kaixo familia:
2015 urtearekin batera, Ziortza Gazte Elkartearen 30.urteurrena datorkigu. Hainbat urtetan, denon parte hartzeari esker iritsi gara gaurdaino, denon esfortzua eta laguntzaz bete ditugu 30 urte.

Ezin ditugu ahaztu kanpaldiak berekin dituen lanak, irribarreak, momentu zail eta pozgarriak… Urteko saioetako elkarlana, bizipenak… Kabalgatako ilusioa, inozentzia… Azken batean garena izaten lagundu eta laguntzen gaituztenak. Guzti hauek aurrera eramateko, askok hartu dugu parte eta denok izan gara eta gara Ziortza.

Ezin ahaztu beraz, ospatzeko moduko festa honetara zuoi ere gonbita luzatzeaz. Ekintzez beteriko apirilaren 18tik 26ra gurekin parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.

Ospa dezagun gure historia elkarrekin, gonbidatuta zaudete.

Ziortza Gazte Elkartea