Zati teorikoak eragin dizkion gastuak ordaintzeko balioko dio, Buruntzaldeko udalek eta autoeskolek herritarrak gidabaimena euskaraz ateratzera sustatzeko kanpainaren baitan, aurreko astean egin zuten zozketa bidez tokatu zaion 400 euroko saria. NOAUA!ri adierazi dionez, Anek ezustean jaso du saria: "Udan atera nuen teorikoa eta praktikoa duela hiru hilabete. Denbora pasa da ordutik eta ahaztua nuen. Sari hau ez nuen espero egia esan. Sorpresa ona izan da eta gustura nago".
Magisteritzako ikasketetan murgildua dabilen gazteari ezin hobeto datorkio saria. "400 euro oso ondo etortzen dira. Magisteritza egiten ari naiz. Gurasoek ordaindu didate zati teoriko eta praktikoa. 400 euro aurreztuko dituzte orain", adierazi digu.
Gidabaimena ateratzerakoan ez zuen zalantzarik izan. Solozabal autoeskolako atea zeharkatu bezain laster, gidabaimena euskaraz ateratzeko nahia agertu zuen Bengoetxeak. "Neure ama hizkuntza euskara izanik, ez nuen planteatu ere egin gidabaimena erdaraz ateratzea. Autoeskolan azaldu zidaten. Animatzen dut jendea gidabaimena euskaraz ateratzera, azkenean geure ama hizkuntza delako eta ez duelako zertan gaztelera baino zailagoa izan beharrik", dio Anek. Ondoko irudian duzue herritarra, Alaitz Aizpurua zinegotziarekin batera:
4 urtetan laukoiztu, gidabaimena euskaraz atera duten herritarren kopurua
Gorantz doa urtez urte, Buruntzaldea mailan, gidabaimena euskaraz ateratzeko hautua egiten duten gazteen kopurua. Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte, Urnieta eta Usurbilgo Udalek, duela bost urte, 2010ean autoeskoletako jarduna euskalduntzeko egitasmoa abiatu zenetik, ia laukoiztu egin da, gidabaimenaren zati teorikoa euskaraz prestatu eta azterketa teorikoa ere hizkuntza berean egin duten herritarren kopurua. Begiratu bestela, aurreko astean, Hernaniko Biteri kultur etxean, egitasmo honetan parte hartzen ari diren auto eskola eta udal ordezkariek aurkeztu zituzten datuak. Honakoa da 2010etik 2014ra, Buruntzaldea mailan, gidabaimenaren zati teorikoa euskaraz gainditu duten ikasleen zenbatekoa:
2010: 34.
2011: 60.
2012: 112.
2013: 135.
2014: 140.
Erronka, zati praktikoa ere euskalduntzea
140 lagunek atera zuten iaz, gidabaimenaren zati teorikoa euskaraz. 17 andoaindarrek, 17 astigartarrek, 54 hernaniarrek, 21 lasartearrek, 19 urnietarrek eta 12 usurbildarrek.
Emaitzak eskutan, Buruntzaldeko udal ordezkariak pozik dira, duela bost urte abiaturiko egitasmoarekin. Baina Hernaniko Biteri kultur etxean egindako agerraldian adierazi zutenez, proiektua osatu nahi dute; gidabaimenaren zati praktikoa ere euskaldundu nahi lukete. Horretarako, eragile gehiagoren, beste udalerrien, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa biltzen ahalegintzekoak dira. Maiatzean abiatuko dute autoeskolak euskalduntzeko 2015eko kanpaina berria. Egitasmoko sustatzaileek, orain arteko arrakastarekin jarraitzea espero dute.
Ane Bengoetxea Artetxe, sarituen artean
Gidabaimena euskaraz ateratzea sustatzeko kanpainan, Buruntzaldeko sei udalek parte hartzen dute. Baita eskualdeko auto eskola hauek ere; Andoaingo Bengoetxeak eta Mendik, Astigarragako Otamendik, Hernaniko Hernani, Lagunak eta Otamendik, Lasarteko Izarra, Lasarte eta Mugicak eta Urnieta zein Usurbilgo Solozabalek.
Aurreko urteetan bezala, 2014an gidabaimenaren zati teorikoa euskaraz prestatu, azterketa euskaraz egin eta gainditu zuten ikasleen artean zozketa egin da. Udalerrika, udalerri bakoitzak dituen auto eskola kopuru adina sari banatu dituzte. 400 euroko 11 sari guztira. Usurbilen auto eskola bakarra dugunez, saritu bakarra izan dugu; Ane Bengoetxea Artetxeri tokatu zaio, 400 euroko saria. Zorionak!
Hemen Buruntzaldeko 11 sarituen zerrenda:
Andoain:
Andoni Alonso Lazkano.
Irati de la Revilla Otamendi.
Astigarraga:
Paula Leonet Calvo.
Hernani:
Irati Zelaia Azurmendi.
Maddi Aranburu Gonzalo.
Oihane Zalakain Gonzalez.
Lasarte:
Alex Altuna Egitegi.
Axier Balerdi Erauntzetamurgil.
Xabier Mitxelena Lopetegi.
Urnieta:
Paula Fernandez Bizkar.
Usurbil:
Ane Bengoetxea Artetxe.