04/08 sumarioari loturiko epaiketa salatu eta bertan auziperatuak dauden 35 lagunei, modu berezian Marisa Alejandro herritarrari elkartasuna adierazteko, agerraldi bateratua deitu dute EH Bilduk eta EAJ-PNV-k, ostiral honetarako, otsailaren 6rako, iluntzeko 19:00etan Sutegin. Herritarrei hitzordura gerturatzeko gonbita luzatzen zaie.
Otsailaren 11n zehaztuko dute epaiketa hasiera
Urtarrilaren 29an hastekoa zen Marisa Alejandro eta Ezker Abertzaleko beste 34 kideren aurkako epaiketa, bertan behera geratu da berriz. Epaiketaren hasiera atzeratu egin dute. Zehazteke dago noiz abiatuko den. Espainiako Auzitegi Nazionalak otsailaren 11n finkatuko du epaiketa hasteko data berria.
Epaiketa bertan behera geratzen den bigarren aldia da honakoa. Izatez, urtarrilaren 12an hasi behar zuen. Baina egun berean, euskal abokatuen aurka izandako polizia operazioaren baitan, Ezker Abertzaleko hainbat auziperaturen defentsa lanak egin behar zituzten hiru abokatu atxilotu zituzten. Epaiketa bertan behera geratu zen.
“Marisa eta auziperatu guztiak libre nahi ditugu”
Epaiketa politikoen behin betiko amaiera, auziperatu guztiak libre uztea, eta espetxeratze gehiagorik ez gertatzea eskatu zuten usurbildarrek, urtarrilaren 18an Mikel Laboa plazan buruturiko agerraldi jendetsuan. Urtarrilaren 29an, Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzen hastekoak ziren Ezker Abertzaleko 35 kideei, elkartasuna adierazi zieten. Tartean, modu berezian hitzorduan parte hartu zuen herritar eta auziperatuetariko bati; Marisa Alejandrori. Fiskaltzak 10 urteko espetxe zigorra eskatzen du guztientzat. “Euren delitu bakarra 2005-07 artean, bere eskubide politiko eta zibilak erabiliz lan politiko, publiko eta instituzionala egitea da”, zioten urtarrilaren 18ko agerraldian.
Marisa eta gainerako auzipetuak libre nahi dituztela aldarrikatu zuten, "Je suis basque" kartelak eskutan zituztela ekitaldira bertaraturiko herritarrek. Modu bidegabean leporatu zaiena bertan behera utzi eta urratuak izan zaizkien hainbat eskubide berreskuratzea. “Marisaren eskubide zibil eta politikoak jokoan daude” eta, azpimarratu zutenez.
Ekitaldian gogoan izan zituzten baita, urtarrilaren 12ko aste beltza deitu zioten horretan atxiloturiko 16 euskal herritarrak. Haietatik hiru espetxeratzeko agindua eman zuen epaileak. Ez zuten kasualitatetzat jo duela hilabeteko polizia operazioa. Bilboko manifestazioaren aurrean emandako erantzuna, mendekua izan zela diote. Euskal presoei sostengu guztiak kentzeko helburuz egina. Atxilotuen delitu bakarra, “euskal presoen eskubideen defentsa eta errespetua bermatzeko lan egitea da” izanik. Besarkada bat eta txaloak bidali nahi izan zizkieten atxilotuei. Eta elkartasun mezua baita, aipatu moduan, urtarrilaren 29tik aurrera Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzen hastekoak ziren 35 lagunei. Epaiketa hau inoiz ez abiatzea eskatu zuten. Eta auziperatuek “lan politikoa eta beren oinarrizko askatasunen erabilpena egiteko duten eskubidea berreskuratzea”.