Aurreikuspenak gaindituta, udaberriko kanpaina prestatzen Gattunk dendan

Noaua Aldizkaria 2015ko ots. 4a, 10:50

Dendako atea ireki eta ixten izan dute etenik gabe. Eginak zituzten aurreikuspen onenak ere gaindituta borobildu zuten eguberrietako kanpaina. Herritik nahiz kanpotik, espresuki dendara etorritako lehen bezero “uholdea” igarota, orain lasaiago dabiltza. Baina atseden hartzeko tarterik gabe lanean, datorren denboraldirako prestatzen. Udaberrirako salgai jarri nahi duten eskaintza antolatzen. NOAUA!-ri aurreratu diotenez, udaberri koloretsua omen datorkigu martxotik aurrera. Kolore bizi eta alaiez betea. Hala dio, Kilometroak 15 ekimenaren aldeko Gattunk denda kudeatzen ari den lan taldeak. Jada, arropa kontuetan aditu ditugun bolondres taldeak. 

Lotura honetan duzue, NOAUA!rako eskaini duten elkarrizketa: 
http://www.noaua.eus/aldizkaria/?magazine=568


Bertso afaritarako sarrerak salgai
#Kilometroak15 ekimenaren alde, ostiral honetan, otsailaren 6an, 20:30etan hasita, Saizar sagardotegian antolatua dagoen bertso afaritarako sarrerak salgai dituzue Gattunk dendan, ostegun honetara arte. Baita Udarregi Ikastolako idazkaritzan eta Txirristra tabernan ere. Prezioa: 26 euro. 20 euro, ikasle eta langabetuek.  Uxue Alberdi eta Jon Maia bertsolariek eta trikitilariek giroturiko afaria izango da. Inazio Usarralde herritarra arituko da gai jartzaile lanetan. Informazio gehiago, kilometroak.eus atarian.

Afaritara bertaratzeko gonbita, bertso bidez luzatu digute antolatzaileek:

Otsailan 6an hitzordu ederra
ona dugu aitzakia.
Gure artean izango dira
Uxue eta Jon Maia.
GATTUNKen alde izango dugu
gure bertso-afaria.
Pasa ezazu gure artean
gau eder eta alaia.

(Doinua: Pello Joxepe)


Balkoiak banderolez janzteko deia

Arropaz gain, Zumetaren serigrafiak, aterkiak, mantalak, boligrafoak, motxilak, txapak… aurki ditzakezue Gattunk dendan. Produktu sorta bat merkealdian dute, %20 merkeago eskaintzen ari dira. Eta #Kilometroak15 ekimenaren aldeko banderolak salgai daude Gattunk dendan. Banderolak 5 eurotan eskura ditzakezue eta banderola hauekin etxeetako balkoiak apaintzera animatzen gaituzte, “herria girotzeko”.

Gattunk dendako ordutegia:
Astelehenetik larunbatera: 10:30-13:00 // 17:00-20:00
(astelehen goizak eta larunbat arratsaldeak itxita).
Oharra: ordutegian edozein aldaketa balego, dendako atean bertan jakinaraziko dute.

Informazio gehiago:
kilometroak.eus
Facebook: Kilometroak 2015 Usurbil
twitter: @kmk15usurbil

 

instagram: @kmk15usurbil
flickr: www.flickr.com/photos/kmk15usurbil/