Oriako hegaztien lotegiei eginiko erasoa salatu du Udalak

Noaua Aldizkaria 2015ko ots. 5a, 13:15

Duela gutxi, bi lagun ikusi omen dituzte Oria ibai ondoan dauden ubarroi eta koartza itzainen lotegiei tiroka. Zenbait ubarroi ere akabatu omen dituzte. Errio ondoan duguna, koartzen lotegi ia bakarra omen da Gipuzkoan. Gertaerok salatu ditu Usurbilgo Udalak. "Dagozkion neurriak hartzeaz gain, gertaera hau publikoki salatu nahi du, eta herritar guztioi guztiona den tokiko natur ondarea arretaz zaintzea eskatzen du", diote Udaletik. Jarraian, NOAUA!ra helarazi diguten oharra bere osotasunean:

Oria ibaian tiroka
Oria ibaia bizitza iturri da, eta bertako arrain zein hegaztiak herritarren ondare eta altxor dira. Azken urteetan ibaiaren hobekuntza nabarmena izaten ari da, eta horren lekuko, gure herrian dauden ubarroi eta koartza itzainen lotegiak dira, azken hau ia bakarra Gipuzkoan.

Herritar guztiok berdin ulertu ez, eta ehiza eta segurtasun arau ororen aurka, berriki bi pertsona ikusiak izan dira lotegiari tiroka eta zenbait ubarroi akabatu dituztela. Orduz gero, ubarroien kopurua nabarmen gutxitu da inguruan, eta koartza itzainen lotegia ere arriskuan egon daiteke. Nabarmentzekoa da espezie babestu bati egin ziotela tiro, baina baita ere jendea ibiltzen den tokietatik gertu ibili direla tiroka. 

Usurbilgo Udalak, dagozkion neurriak hartzeaz gain, gertaera hau publikoki salatu nahi du, eta herritar guztioi guztiona den tokiko natur ondarea arretaz zaintzea eskatzen du.



Irudiak: Usurbilgo Udala.