Elurragatik, alerta laranjan egun osoan

Noaua Aldizkaria 2015ko ots. 6a, 10:45

Egunotan iragarria zegoen denboralea pasea zelakoan ginen, baina ez. Elurra mara-mara egin du ostiral goiz honetan Usurbilen. Gehienean elur hautsa. Eta desberdin. Aldea zen, herriko txoko batzuen eta besteen artean. Alde handirik ez ordea, herri erdigunean eta gorago dauden auzoetan; Urdaiagan edota Arratzain bidean esaterako. Leku askotan zuritu du bai, baina elur geruza fin batekin estali ditu hainbat zelai eta teilatu. Ez du loditu.

Denbora zen inguruok zuri ikusten ez genituela. Bai behintzat, 2012ko otsailaz geroztik. Eguerdi parte honetan atertu duela dirudi, baina adi. Alerta laranjan jarraituko dugu egun osoan. "Elur-maila 0-100 m artean egongo da. Egunaren lehen partean itsasmailan egongo da elur-kota, beraz egiten duen guztia elur moduan egingo du. Dena den, elur gehiago pilatuko da mendebaldean. Eguer

ditik aurrera baliteke elur kota mendebaldean apur bat igotzea, baina ekialdean antzera jarraituko du, eta arratsaldean ere elur pixka bat egitea espero dugu. Tenperatura altuenak 0-4 ºC artekoak izango dira eta iparraldeko haizea ibiliko da. Ezin da baztertu erabat trumoiak jo eta txingorra egitearen posibilitatea", dio Euskalmet-en iragarpenak.

Larunbatean egoerak hobera egingo omen du. Goizean, abisu horian jarraituko dugu elurragatik, 15:00ak arte. Halere, arazo gehien sor ditzakeena, izotza izango da. Abisu horian egongo baikara asteburua osoan, tenperatura hotz eta izotzagatik. Adi beraz.

Eskola Kirola, bertan behera
Aurreko astean euriteengatik, eta oraingoan elurragatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak bertan behera utzi ditu bigarren asteburuz jarraian, Eskola Kirolari loturiko ekintzak. 

Honatx, goizeko elur malutek utzi dizkiguten hainbat irudi: