Bat eginik, 04/08 sumarioko epaiketaren aurka

Noaua Aldizkaria 2015ko ots. 6a, 21:29

Epaitua izango den herritar bati elkartasuna adierazteko batu ditu ostiral iluntze honetan Sutegin, Usurbilgo EHBildu eta EAJ-PNV. 04/08 sumarioari lotuta, Madrilen epaitu asmo dituzten 35 euskal herritarrei, modu berezian Marisa Alejandro herritarrari, euren babesa helarazteko batu dira bi eragile politikoak, kultur etxeko auditorioan egin duten agerraldian.

Gogoan izan, hamarna urteko espetxe zigorra eskatzen du fiskaltzak, Marisa eta beste 34 lagunentzat. Zergatik eta, agerraldian aipatu bi eragile politikoek ondo adierazi duten moduan, "euren eskubide politiko eta zibilak baliatuz, lan politiko eta instituzionala burutzeagatik". Horregatik, ziotenez, "larria iruditzen zaigu oraindik, epaiketa hori egiteko asmoa bere horretan egotea". Bertan behera uztea eskatu dute, politikoa izan eta lekuz zein garaiz kanpo dagoen epaiketa hau.

Garai berriekin konprometituta
Espainiako Gobernuari arduragabekeria baztertu eta "egungo legedia oinarri hartuta eta salbuespenekoa atzean utzita" bizikidetzaren aldeko aurrerapausoak ematea galdegin diote. Arduraz jokatzea eta bizikidetzaren aldeko konpromisoak bururaino eramatea ere beharrezkotzat jo dute.

Bizi dugun egoera berri honen aldeko konpromisoa ere adierazi dute, Usurbilgo EHBilduk eta EAJ-PNV-k. Etorkizun hobego bat lortzeko, ostiral honetan bi eragile politikoek eginiko agerraldi bateratuarekin, aletxo bat jarri nahi izan dutela zioten, "elkarrekin urrats txiki handi hau eginez, guztion bultzadarekin amesten dugun eta euskal gizarteak behar eta merezi duen bakea lor dezagun". 

Agerraldian plazaratu duten adierazpena, albiste honi atxikitako bideoan duzue.

Joan Mari Torrealdai: "Marisak eta herritarrok eskertuko dugu egin duzuen ahalegina"
Usurbilgo EAJ-PNV eta EHBilduren agerraldia hasi aurretik, adierazpen batzuk egin ditu, Egunkaria auziagatik epaitua izan zen beste herritar batek; Joan Mari Torrealdaik. Ostiral honetako ekitaldiaren balioa nabarmendu nahi izan du. "Ekitaldi honetan eta herriaren aurrean gure herriko bi sentsibiliate politiko nagusienak, EAJ-PNV eta EHBildu, herrikide baten alde elkarrekin agertzen dira. Bat eginda. Bat eginda salatuko dute, eskubide urraketa eta bat eginda azalduko diote sostengua Marisari", zioen Torrealdaik. 

Halere, gaurkoa Marisari elkartasuna adieraztetik haratago doan ekitaldia izan dela azpimarratu du. Bi eragile politikoei eskertu nahi izan die, gaurko agerraldia gauzatzeko egin duten ahalegina. "Bejondeizuela horregatik. Marisak bereziki eskertuko du egin duzuen ahalegina, gaurko ekimen hau. Baina hark bakarrik ez, herritarrok ere bai. Urrats eredugarria baita, sinbolikoki eta bestela ere bai", adierazi du.

Ostiral honetako irudia, gehiagotan errepikatzea gustatuko litzaiokeela aitortu du Torrealdaik."Gustatuko litzaidake elkarlan hau zabalagoa gerta dadin eta maizagoa bihur dadin", zioen. Garrantzitsutzat jo du eragile politiko eta sozialak elkar hartuta agertzea, gaur egungo "eskenatoki berri baten alde, bizikidetzaren alde, etorkizunaren alde". Gogorarazi du, eragileon elkarlanak sekulako ilusioa pizten duela herritarren artean.

Hirugarrenez atzeratu dute epaiketa
Sutegin iragarria zegoen agerraldia baino ordu batzuk lehenago eman da ezagutzera, hirugarrenez, bertan behera geratu dela Espainiako Auzitegi Nazionalean abiatu behar zen 04/08 sumarioari loturiko epaiketa. Berez, urtarrilaren 12an hasi behar zuen Marisa Alejandro herritarraren eta beste 34 lagunen aurkako epaiketa. Baina egun berean, euskal abokatuen aurka izandako polizia operazioaren ondorioz (tartean, defentsa lanak egin behar zituzten hiru abokatu atxilotu zituzten) etenda geratu zen, urtarrilaren 29ra arte. 

Bezperan, urtarrilaren 28an bigarrenez atzeratu zuten. Otsailaren 11n iragartzekoa zen Espainiako Auzitegi Nazionala, epaiketaren hasiera data. Baina ostiral honetan, epaiketa hirugarrenez atzeratu dute, abokatuetako batek, Haizea Ziluagak 6 auziperatu defendatzeari uko egin ostean. Orain 15 eguneko epea dute 6 auziperatuok, beste abokatu bat izendatzeko. Epaiketa zehazteke dago beraz, noiz abiatuko den.